17 euskal federazio atxiki zaizkio dagoeneko Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta Eusko Jaurlaritzak kirolean euskara sustatzeko sinatu duten hitzarmenari

0
PRUEBA
  • Lankidetza horren esparruan, EKFB-UFDVk euskara sustatzeko “Gu Geu, Kirola Euskaraz” kanpaina ere aurkeztu du, Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohiarekin eta erreferentziazko beste kirolari batzuekin batera, hala nola Julen Goiarekin eta Iñi Vicensekin.

Euskararen erabilera normalizatzeko, ezinbestekoa da gure hizkuntza gaur egun modu ez-formalean erabiltzen den esparruetara ere iristea, hala nola aisialdira. Horregatik, Euskal Kirol Federazioen Batasuna-Unión de Federaciones Deportivas Vascas (EKFB-UFDV) elkartearen eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailaren arteko lankidetza hau behar-beharrezkoa da kirolean euskararen erabilera normalizatzeko. Kirola gune estrategikoa baita hizkuntzaren erabilera finkatzeko, belaunaldi berrien arlo akademikoaz kanpoko jarduera baita, eta eskolaren eta kalearen arteko zubi. Ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu Bingen Zupiria, EKFB-UFDVko lehendakari Angel Gurrutxaga eta 30 kirol federaziotako ordezkariak.

2022tik gaur egunera arte, dagoeneko 17 federazio (elkartekide guztien %35) atxiki zaizkio euskararen erabilera sustatzeko hitzarmenari: Errugbia, Txirrindularitza, Gimnastika, Surfa, Pilota, Arrauna, Karatea, Mahai Tenisa, Xakea, Halterofilia, Neguko Kirolak, Eskubaloia, Igeriketa, Patinajea, Atletismoa, Saskibaloia eta Judoa. UFDV-EKFBk erronka horretan federazioei laguntzeko abian jarri dituen ekintzen artean, honako hauek ditugu: euskara diagnostikoak eta planak egitea, entrenatzaileentzako eta eskola kiroleko monitore laguntzaileentzako prestakuntza ikastaroak, hizkuntza estrategiei buruzko trebakuntza, informazio pilulak, kontzientziazio kanpainak egitea, etab.

“Gure erronketako bat euskararentzako espazio berriak irabaztea da. Aisialdiarena, eta zehazki kirolarena da horietako bat. Kirola, gazteei dagokienez, eskolaren eta kalearen arteko zubia da, arlo formalaren eta ez-formalaren arteko bidea; beraz, esparru hori funtsezkoa da etorkizunean euskararen erabilera areagotzeko, eta, horretarako, kirola eta euskara uztartzen dituzten eragileei tresna egokiak eman behar dizkiegu, erabilera bultzatzeko”, adierazi du Bingen Zupiria Gorostidik, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak.

“Kirolean euskararen erabilera eta normalizazioa bultzatzeko federazioek duten inplikazioak erritmo onean egiten du aurrera, baina pausoak ematen jarraitu behar dugu. Garrantzitsua da federazioetan ekintzak bultzatzen jarraitzea eta, aldi berean, kirol esparru guztietan euskara sustatzea; eta horixe du helburu, hain zuzen, ‘Gu Geu, Kirola Euskaraz’ kanpaina berriak”, azpimarratu du EKFB-UFDVko lehendakari Angel Gurrutxagak.

“Gu Geu, Kirola Euskaraz” kanpaina

Ildo beretik, EKFB-UFDVk “Gu Geu, Kirola Euskaraz” publizitate kanpaina aurkeztu du. Kanpainaren helburua da elkarteak biltzen dituen 48 kirol erakundeen artean ez ezik, Euskal Herrian kirol federatua egiten duten pertsona guztien artean ere euskararen erabilera sustatzea.

Horren helburua da animazio iragarki baten bidez kirol komunitatea inspiratzea. Iragarki horretan erakusten da zeinen garrantzitsua den kirolariak, arbitroak, jokalariak, entrenatzaileak, zuzendariak eta bestelakoak haur eta gazteentzat erreferente izatea, euskara erabili eta sustatzeagatik, garai batean Jose Angel Iribar Bilboko Athletic Clubeko atezain ohia izan zen bezala. Berak aurkeztu du, erreferentziako beste kirolari batzuekin batera (Julen Goia eta Iñi Vicens, besteak beste), kanpaina hau, gaiari keinu txiki bat egiteko asmoz.

“Mezu emozional bat sortzen saiatu gara, hurbiltasunetik kontzientzia sortzen duena eta kirolean euskara sustatzeko aldaketa positiboa bultzatzen duena”, adierazi du Angel Gurrutxagak, EKFB-UFDVko lehendakariak.

 “Gu Geu. Kirola Euskaraz” kanpaina ekainaren 21etik abuztuaren 31ra egingo da.  Ikus-entzunezko zenbait pieza ditu, eta sare sozialetan (Facebook eta Instagram) ikusi ahal izango dira #gugeu traolarekin, bai eta kanpainarako berariaz sortutako webgunean ere: www.gugeu.eus. Hor, kirolean euskara sustatzeko jardunbide egokien pilulak kontsultatu ahal izango dira.