- Gaur goizean Bakioko hondartzan egin den ariketan, bi erakundeek hondartzetako gertaerei erantzuteko dituzten baliabideak koordinatzeko eta mobilizatzeko prozedurak probatu dira
- Simulakroan, arazoak zituen ontzi bateko bi tripulatzaileak erreskatatu dituzte eta isuri kutsagarri bat kontrolatu eta garbitu dute
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak arrakastaz amaitu dute Bakioko hondartzan lurralde horretako hondartzetan gerta litezkeen larrialdiei aurre egiteko euren zerbitzuen koordinazioa testatzeko urtero egiten duten simulakroa. Ariketan bi pertsona erreskatatu dituzte itsasotik eta hondartzara iritsi den isurketa kutsagarri bat kontrolatu eta garbitu dute.
Ariketa 11:30etik aurrera egin da, eta bertan parte hartu dute, Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateak (aireko eta uretako atalek), Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako Esku-hartze Zerbitzuak eta Osasun Sailak. Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala Sustatzeko Sailak Hondartzainak, Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntzako Zerbitzuak eta hondartzetako garbiketa- eta mantentze-lanetako zerbitzuak mobilizatu ditu, eta Bakioko Udalak Udaltzaingoa.
Jarduketa
Simulakroa hasi den orduan, SOS Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak Bakioko hondartzako sorosle-zerbitzuaren jakinarazpen bat jaso du, ontzi txiki bat hondoratzen ari zela eta ontzian gutxienez bi pertsona zeudela ohartaraziz. Zentro horrek berehala jarri du abian itsasertzeko salbamendu-taktika operatiboa, eta Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako zerbitzu operatiboak mobilizatu ditu.
Ondoren, Ertzaintzako agenteek eta udaltzainek Ertzaintzaren Aginte eta Kontrol Zentroari jakinarazi diote hondartzako gune bat orbain handiz zikinduta zegoela. Zentro hori SOS Deiak zentroarekin harremanetan jarri da eta jaso duen informazioa eman dio. Informazioa berehala eman die Bakioko hondartzako Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuari, Bizkaiko Foru Aldundiko hondartzak garbitzeko zerbitzuari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoari ere.
Bi larrialdiei erantzuteko, mobilizatutako zerbitzu operatiboen arduradunek osatutako aginte-postu aurreratu bat ezarri da hondartzako udako sorospen-postuaren ondoan.
Ertzaintzaren helikopteroak, Zaintza eta Erreskate Unitateko ontzi batek uretatik lagunduta, eta erreskate-gunera hegaldia egin duen drone batek airetik lagunduta, bi tripulatzaileetako bat uretatik atera eta gertuko zelai batera eraman du. Han Gurutze Gorriak Foru Aldundiarentzat ematen duen Istripuen Prebentzio, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuko kideek artatu dute. Zerbitzu hori bera arduratu da ontzian zihoan beste pertsona erreskatatzeaz eta itsasbazterrera eramateaz, suspertzeko maniobrak egiteko.
Aldi berean, eta isuria aurkitu ondoren, sorosleek eta hondartzainek kutsaduragatik arriskuan zegoen eremua balizatu dute, eta SOS Deiak zerbitzuari jakinarazi diote isuriaren kokapena, kutsadura-mota, ondorioak, neurriak, ezaugarriak eta izan zitzakeen eraginak.
Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko teknikariak bertaratu dira 2024ko udan erabiltzaileen bainuan eta hondartzako erabilera ludikoetan isuriak izan zezakeen eragina baloratzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiak mobilizatutako garbiketa-zerbitzuek kutsadura-fokua kontrolatu, garbitu eta kaltetutako eremua tratatu dute, Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailak ezarritako prozeduren arabera.
Simulakroan zehaztutako agertokia ziurtatu eta leheneratu ondoren, SOS Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak jarduera itxi du eta ariketa amaitutzat eman du.