- Osalanen Udako Ikastaroa inauguratu du. Bertan, lehen aldiz lantzen da klima-aldaketa laneko arriskuen prebentzioan
Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak lan-osasunarekiko konpromisoa aurreratu du, kalitatezko enpleguaren lehen berme gisa, «ez baitago kalitatezko enplegurik enplegu segururik gabe. Ezinbesteko baldintza da, jatorrizkoa; izan ere, gaixotzen gaituen edo istripua eragiten digun lan bat ez da, soldata oso handia izanda ere, kalitatezko enplegua», esan du Osalanek «Klima-aldaketa eta laneko arriskuen prebentzioa» gaiari buruz antolatutako EHUko Udako Ikastaroaren hasieran.
Lehendakariordeak erantzukizun berria hasi zuen atzo, Osalaneko Kontseilu Nagusiko kideak agurtuz hain zuzen ere, eta berretsi nahi izan du Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak antolatutako ikastaro honetan parte hartuko duela, zuzentzen duen saileko arlo horrekiko konpromisoa baitu. «Legealdi honetan, zalantzarik gabe, Euskadik erabateko enplegua lortu behar du, baina baita lan-baldintzak nabarmen hobetuko dituen legegintzaldia ere izan behar du, jarduera-sektore guztietan eta guztiontzat, gazte eta nagusientzat, emakume eta gizonentzat, berdintasun-baldintzetan, kalitatezko enplegua izateko aukera emango diguna», azaldu du, lan-ingurune seguruak lehenengo jarduera-ardatz gisa.
Gogorarazi du indarrean dagoen Laneko Segurtasun eta Osasunaren Euskal Estrategiak jada ekarri zuela paradigma-aldaketa bat prebentzioaren ikuspegian, eta ikastaroa jauzi berria dela adierazi du, klima-aldaketak lanean ari diren pertsonengan duen eraginari helduz, eta Osalanen komunikazio-fase berria aipatu du. Izan ere, Osalanen ohiko prebentzio-planei herritarrei zuzendutako prebentzio-aholkuen hileroko kanpainak gehitu zaizkie, eta uztailean, hain zuzen ere, muturreko bero-aldien aurreko prebentzio-neurriak izango ditu ardatz.