Fundazioaren gizarte-proiektuen denboraldi amaiera

0
PRUEBA

Bakuva, Bizitegi, Goiztiri, Adsis, Berriztu eta Ahaleginako erabiltzaileak Lezaman bildu dira denboraldiari agur esateko

Athletic Club Fundazioaren proiektu sozialen denboraldi amaierako ekitaldiak egiten ari dira egunotan.

Joan den ostegunean, hilak 13, arratsaldean, Bakuva proiektuaren 3 taldeen azken entrenamendua egin zen Lezaman, eta saioaren amaieran campuserako sei plaza eman zitzaizkien denboraldian portaera eta jarrera hobea izan zuten futbolariei. Bakuva irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta Bilbo Zaharra auzoko haurrak gizarteratzen ditu. Eskola-adinean dauden adingabeei arreta ematea du helburu, haien integrazio- eta garapen-prozesuaren alde eginez, kirol-, jolas- eta ikasketa-jardueren bidez.

Halaber, ostiralean futbol 7ko txapelketa antolatu zen Lezaman, futbola gizarteratzeko eta inklusio tresna gisa lantzen duten proiektuen artean. Kasu honetan, Berriztu, Adsis, Bizitegi eta Goiztiri proiektuen erabiltzaileek parte hartu zuten, eta topaketa amaitzean elkarrekin gozatu ahal izan zuten agurreko mokadutxo batez.

Lau proiektu horien bitartez gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzearen alde lan egiten da. Athletic Club Fundazioarekin batera, astean behin inklusioan laguntzen duten tailerrak, jarduerak eta entrenamenduak egiten dira.

Asteartean, hilak 18, arratsaldean, Ahalegina taldearen denboraldi amaierako agurra ospatu zen. Arratsaldean azken entrenamendua eta diploma eta opari banaketa egin zituzten oroigarri gisa, erabiltzaile batzuentzat azken urtea baita. Adimen-urritasuna duten 9 eta 18 urte bitarteko adingabeei zuzenduta, Ahalegina Programak, Down Sindromea Fundazioa eta Gorabide elkarteekin lankidetzan, kirol anitzeko entrenamendu-jardunaldiak eta psikomotrizitatea hobetzeko jardunaldiak ditu.