LORRAK Bizkaiko nekazaritzako elikagaien gaineko 13 proiektu berri ekiten lagunduko du

0
LORRA

LORRAK, nekazaritza eta abeltzaintzako zerbitzuak ematen dituen erakundeak, 13 ekintzaileri lagunduko die aurten Bizkaiko lehen sektorean negozio berriak abiarazten. Proiektu horiek gazteen ekintzailetzari buruzko Gaztenek programaren barruan garatzen dira. Programa hori  HAZI Fundazioak koordinatzen du, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera. Programaren ekintzailetzari laguntzeko zerbitzuaz arduratzen da LORRA, hots, prozesu osoan ekintzaileei laguntzeaz, hasieratik, ustiategiak martxan jarri arte eta jardueraren lehenengo bost urteetan.

Aurtengo programan hamalau ekimenek eskatu dute sartzea –horietako bat, aurreko ekitaldikoa–, eta, beraz, aurreikuspenen arabera, azken orduko eragozpenik ez badago behintzat, hamahiru ekintzaile berri sartuko dira, erabilgarri dagoen laguntza-planari esker, 2024an beren negozioak gauzatzeko.

Ustiategi berriek azken urteotako joerak berretsi dituzte tipologiari eta profilari dagokienez; hala, 6 ekitzaile emakume dira eta 7 gizon, guztiak, 22 eta 40 urte artekoak. Azkenaldian bezala, animalien ekoizpenean nahiz landare-ekoizpenean prozedura agroekologikoak erabiltzen dituzten ustiategiak nabarmentzen dira. Guztira, 6.

Gehienak, halaber, lehendik dauden negozioetan izandako belaunaldiarteko erreleboak eragindako ustiategiak dira, negozio-ildo berriak garatu nahi dituzten seme-alaben edo bikoteen eskutik sortuak. Hamahiru proiektu berrietatik hamar lehen sektorean hain beharrezkoa den erreleboaren emaitza dira; sektoreko profesionalek, batez beste, 60 urte baino gehiago dituzte eta. Bizkaian, ustiategien titularren % 10 baino ez dira 40 urtetik beherakoak. % 48,5 40 eta 65 urte artekoak dira eta % 41, 65 urtetik gorakoak

Ustiategi berriek askotariko jardueretan jardungo dute, eta Bizkaiko nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera aberastu egingo dute, lurraldean hurbileko elikagaiez hornituko ere. Sektorean lehen aldiz lan egiten hasiko diren hiru proiektuek produktu hauek ekoiztuko dituzte: ahuakateak, shittake perretxikoak enborrean –biak, ekoizpen ekologikokoak– eta tomateak negutegian. Belaunaldiarteko erreleboko gainerako hamarren artean, hiruk haragitarako behi-aziendaren ustiategiak dibertsifikatuko dituzte, horietako batzuk, zaldiekin, haragitarako ardiekin, ahuntzekin, gizentzeko oiloekin, gizentzeko idiekin edota ortuekin. Beste lauk baratzezaintzako ustiategiak osatuko dituzte, hiru esnetarako ardiekin hasiko dira eta bat esnetarako behiekin, esnekiak ekoizteko, hala nola gazta edo jogurta.

Instalazioak burutzeko, ekintzaileek LORRAren taldearen laguntza izan dute. Lehenik, Gaztenek programaren ibilbidean, espediente eskatzen denetik, enpresa-plana aurkeztu eta  laguntzak eskatu arte. Ondoren, bost urtez tutorizatzen zaizkie jarduerak.

Ekitaldi honetan, 2016tik 2023ra bitartean irekitako 199 espedienterekin lan egiten ari da LORRA, eta horietatik, Bizkaiko lehen sektoreko hainbat jardueratan erabat txertatuta dauden ustiategien 25 espedienteren tutoretza itxi da, eta horiek laguntzarik gabe jarraituko diote bideari.