Udako jarduerak haur eta gazteen euskara areagotzeko

0
PRUEBA

Lau jardueratan mila adingabek baino gehiagok hartuko dute parte

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Donostiako Udalak, Euskara Zerbitzuaren bitartez, uztailaren 1ean jarri ditu martxan haurren eta gazteen artean euskararen ezagutza eta erabilera sustatzea helburu duten udako jarduerak. Lau jardueretan, guztira, mila haur eta gaztek hartuko dute parte.

Oporretan euskaraz, ohiko udaleku irekiak

Oporretan Euskaraz udalekuetan,

  • 5-11 urte bitarteko 697 ikasle elkartuko dira aurten.
  • Udaleku ireki hauek uztailaren 1etik 26ra izango dira, goizez (09:00etatik 13:30era), astelehenik ostiralera, uztailaren 25ean izan ezik,
  • hiriko hamar gunetan.
  • Taldeak jaiotze urtearen eta jasotze puntuaren arabera eratu dituzte.
  • 08:30etik 9:00etara zaintza zerbitzua ere eskainiko zaie, hala eskatu zuten familiei.

Udaleku hauetan era askotako ekintzak egingo dituzte: parke eta zelaietan jolasean ariko dira, hondartzara joango dira, hizkuntz jolasak egingo dituzte, lantegiak, eskulanak, ingurumena landuko dute eta abar. Horrela, jolas giroan, hizkuntza erabili eta hobetu egingo dute haurrek, hiztegia eta hizkera aberastu, eta aisialdian euskaraz egiteko ohitura izango dute.

Arreta berezia iritsi berri direnei

Haurrak Udan Mintza Jolasean eta Aisikasi izeneko jardueretan euskara erabiltzeko gaitasun urria duten haurrek hartuko dute parte. Haur horiek oraindik ez dute euskara menderatzen, gehienak jatorri ezberdineko etorri berriak baitira.

Haurrak Udan Mintza Jolasean jardueran,

  • 8-10 urteko (LH 3 eta LH4) 91 haurrek hartuko dute parte eta
  • hiriko lau haurtxokotan (Amaran, Bidebietan, Grosen eta Intxaurrondon) egingo dira.
  • Hiru aste iraungo du egitasmoak,
  • uztailaren 1etik 19ra.

Aisikasi egitasmoa, berriz,

  • 12-15 urte arteko gazteei (DBH 1-2 eta 3) zuzenduta dago.
  • 104 gaztek hartuko dute parte eta
  • hiriko sei gaztelekutan (Aieten, Altzan, Amaran, Bidebietan, Grosen eta Intxaurrondon) bilduko dira,
  • uztailaren 1etik 19ra.

Bereziki ahozkotasuna landuko dute bi udaleku trinko horietan, era ludikoan, giro lasaian eta atseginean. Ikastetxeetan euskara ikasten hasi dira amaitu berri den ikasturtean eta ikasketa prozesu horretan laguntzeko asmoz jarri ditu martxan Udalak bi egitasmoak. Ikastetxeek behar-beharrezkotzat jo dituzte egitasmoak eta, horrenbestez, horiek martxan jartzeko ikastetxeen laguntza eta parte hartzea izan du Euskara Zerbitzuak.

Doako euskara ikastaro berezituak 16-18 urte bitartekoentzat

Azkenik, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, hiriko euskaltegiekin elkarlanean, euskara ikastaroak (B2 maila arte) antolatu ditu uztailean, oinarrizko euskara mailara iristen ez diren 16-18 urte bitarteko gazteentzat.

  • 122 gaztek eman dute izena.
  • 60 orduko ikastaroa egingo dute doan
  • uztailean

2024/07/03-an argitaratua