Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko Sailburu eta Jaurlaritzaren Bozeramaile María Ubarretxena elkarrizketatu dute gaur goizean Euskadi Irratiko Faktorian, bere Sailak dituen erronka nagusien berri emateko.
Ildo horretan, estatutu-itun berri baten akordioari dagokionez, Gobernuaren Bozeramaileak ziurtatu du Legegintzaldi honetan lortzea espero duela. Eusko Jaurlaritzatik «gure ahalegin guztia jarriko dugu eta behar den guztian laguntzeko prest gaude, baina lan hori Eusko Legebiltzarrari dagokio».
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko Sailburuak adierazi duenez, bere Sailarentzat estrategikoa den beste puntuetako bat da administrazio digitala hobetzea. Zentzu honetan, «administrazioa desburokratizatzen eta administrazioen arteko interoperabilitatea hobetzen saiatuko gara. Herritarren eta erakundeen arteko hartu-emanak erraztu nahi ditugu».
Koalizio Gobernu baten Bozeramaile rolaz galdetuta, Ubarretxenak adierazi du ez dela kezkatzen duen gai bat. «Gobernuko Bozeramailea naiz, bi alderdi politikok osatzen duten Gobernu batekoa, baina ez luke arazorik sortu behar bakoitzak bere papera zein den baldin badaki. Guztiok talde bakarra osatzen dugu eta hori ondo dakigu osatzen dugun 15 pertsonok».