Mikel Torres: «Aurrekontuak hedakorragoa izan behar du etorkizunerako erronka handiak ditugulako»

0
PRUEBA

«Aurreikuspen ekonomiko onak hedakorragoa izan behar duen aurrekontu batean islatzen saiatu behar dugu, etorkizunerako erronka handiak ditugulako eta Euskadik hori egitea ahalbidetuko digun sendotasun ekonomiko nabarmena duelako», baieztatu du Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailburuak Radio Euskadiko Boulevard irratsaioan egin dioten elkarrizketan.

Ildo horretan, Torresek Euskadiko indize ekonomikoak aipatu ditu, «ondo doazela» azpimarratuz, baita lan-okupazioaren eta Gizarte Segurantzako afiliazioaren mailak ere, «hilabetez hilabete hazten ari direnak». «Gobernu hedakorra izango gara gastu publikoari dagokionez, etorkizunerako erronka handiak ditugulako, Gobernu akordioan jasota daudenak, eta horrek baliabide publiko gehiago jarri behar ditu mahai gainean», nabarmendu du. Gainera, XIII. Legealdiko lehen aurrekontua izango denaren garrantzia azpimarratu du, «Legegintzaldiaren zati handi bat markatzen duena delako».

Era berean, Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak, bere Sailak dituen erronkei eta lortu nahi dituen akordioei buruz galdetuta, premisa nagusi gisa nabarmendu du «Elkarrizketa Sozialerako Mahaia guretzat funtsezkoa» dela, organo horretan «lan-esparrua ezarri behar dugula» ziurtatuz. Hala, Mikel Torresek zehaztu duenez, erronka garrantzitsuenak honako hauek dira: «Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko Legea eta Lanbideren erreforma garatzea, baita proiektu soziolaboral berriak abian jartzea ere, egonkortasun eta segurtasun handiagoa emateko, lana produktiboagoa eta berdintasunezkoagoa izan dadin eta kolektibo zaurgarriek lan-merkaturako sarbidea izan dezaten». Erronka horien artean aipatu du halaber, lanaldiaren murrizketari buruzko hausnarketa. «Legegintzaldi honetan egin ahal izango dugula uste dut», adierazi du.

Hitzaldian zehar, elkarrizketa sozialaren balioa ere azpimarratu du Torresek, «akordioak lortzeko giltzarria da, eta guztion borondate onean konfiantza dut». Hori dela eta, eragile sozioekonomikoekin egingo dituen bileren harira, Lehendakariordeak ziurtatu duenez «nire eskua prest dago adosteko».

Azkenik, Sailburuak Eusko Jaurlaritza osatzen duten bost sailburu sozialisten profil politiko nabarmenari garrantzia eman dio, eta azpimarratu du «ziklo aldaketa batean» gaudela eta etorkizuneko erronkak «oso garrantzitsuak» direla, «ez direnak soilik kudeaketatik konpontzen, politikatik konpontzen direnak eta hori erakutsi nahi izan dugula», amaitu du.