“Zulagailu-Taladro” baterako operatiboa
Taldeko kideak Espainiako hiri batetik bestera mugitzen ziren, eta lapurtutako objektuak biltegiratzeaz arduratzen zen hirugarren batekin harremanetan zeuden. Bitxi ugari, telefono mugikorrak, gailu elektronikoak eta eraikinak zabaltzeko erabilitako erreminta bereziak berreskuratu zituzten. Etxebizitzetako batean 16.950 euro ere aurkitu zituzten eskudirutan. EAEri dagokionez, Gasteizen eta Durangon egindako lapurretak argitu dituzte, bai eta, besteak beste, Alicante, Elx, Iruñea, Valladolid, León, Burgos, Toledo, Cáceres, Camargo eta Mollet del Vallèsen egindakoak ere.
Ertzaintzak, Arabako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuaren bidez, eta Alicanteko eta Malagako Polizia Nazionaleko agenteek hiru pertsona atxilotu dituzte indarra erabiliz hainbat etxetan lapurreta egitea eta errezibitze-delitua leporatuta. Atxilotuek Estatuko hainbat eta hainbat herritan egin dituzte delituak, eta 70 eraikinetan baino gehiagotan egin dute lapurreta. Bi kidegoetako agenteek gertakariak eta erabilitako punta-puntako metodo eta teknikak argitzeko egindako ahalegin handiari esker argitu ahal izan dira lapurreta horiek guztiak, eta egileak atxilotu eta lapurtutako objektu asko berreskuratu dituzte.
Lapurreten arteko loturak argitzea
Bi kidegoek modu independentean hasi zuten ikerketa, baina lapurreta batzuk euren mugapeetan egin zirela, modus operandi bera erabili zutela eta ezaugarri berberetako objektuak lapurtu zituztela detektatu ondoren, Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroaren (CITCO) bidez koordinatutako baterako operazio bati ekin zitzaion.
Beharrezko ikerketak egin ondoren, ikertzaileek egiaztatu ahal izan zuten atxilotuetako bi izaten zirela lapurreten lekuetan, egun eta ordu berean. Bi pertsona horiek delituak egindako lekuen inguruan detektatu zituzten bai Ertzaintzak hedatutako baliabideek bai Polizia Nazionalak hedatutakoek.
Susmagarriak aurkitzea eta objektuak berreskuratzea
Ertzaintza eta Polizia Nazionala bi susmagarri horien inguruan ibili ziren eta biak erabat identifikatzea lortu zuten. Espainiako hiri batetik bestera zebiltzan, Malagan bizi ziren eta lapurtutako objektuak biltegiratzeaz eta legez kanpoko merkatuan irteera bilatzeaz arduratzen zen hirugarren pertsona batekin harremanetan zeuden bi atzerritar ziren. Azken hori, emakumea, susmagarri nagusietako baten bikotekidea zen.
Agenteek hiru pertsona horiei buruzko ikerketa ixteko beharrezko datu guztiak izan zituztenean, dispositibo bat ezarri zuten eta bi gizonezkoetako bat eta emakumea atxilotu zituzten. Atxiloketak bien etxeetan egin zituzten, Malagako Fuengirola herrian. Dispositiboaren fase horretan, hirugarren inplikatua Picassenteko (Valentzia) espetxean zegoela jakin zuten, eta ikertu gisa geratu zen. Pertsona hori zigorra betetzen ari zen, bere delitu-karrera luzean abian zen ikerketakoen antzeko gertakari ugari pilatu baitzituen.
Agenteek miaketak egin zituzten etxeetan, eta lapurretetan lapurtutako hainbat eta hainbat objektu aurkitu ahal izan zituzten. Horien artean, bitxi ugari, telefono mugikorrak, aurreordainketarako txartelak, gailu elektronikoak eta eraikinak zabaltzeko erabilitako erreminta bereziak. Horrez gainera, eskudirutan 16.950 euro eta zuzenean lapurretekin erlazionatzen zituzten ibilgailuen dokumentazioa ere aurkitu zituzten.
Modus operandiaren deskribapena
Atxilotuek alokairuko ibilgailuak erabiltzen zituzten lapurreta egiten zuten lekuetara joateko. Tarteka baimendutakoa baino abiadura handiagoan zirkulatzen detektatu zituzten trafikoko radarrek, eta isunak jarri zizkieten. Beste izen batzuk erabiltzen zituzten ikertuak izatea zailtzeko eta, modu horretan, justiziaren ekintza saihesteko.
Ongi diseinatutako egitura eta hierarkia zuen talde bateko kideak ziren, eta taldearen burua etxeetan sartzeko era guztietako ateak irekitzen espezializatuta zegoen. Zulatzeko makina indartsuak erabiltzen zituen barauts bereziekin, eta punta-puntako sarrailarik berrienek dituzten bonbinetako materialak zulatzea lortzen zuen.
Beste bat pertsonen presentzia detektatzeaz arduratzen zen, lapurretak inor ohartu gabe egin ahal izateko. Baina ez zen hori bere eginkizun bakarra, horrez gainera, taldearen burua lapurretak egitera eramaten zuen eta, aldi berean, lapurtutako objektu guztiak garraiatzen zituen.
Hirugarren atxilotua lapurtutako objektuei irteera bilatzeaz arduratzen zen. Objektuak etxebizitza batean gordetzen zituen legez kanpoko merkatuan sartu ahal izan arte. “Hozten” uzten zituen denbora batez, edozein ikerketa saihesteko asmoz, eta denbora horretan behar adina diru ordainduko zuen erosle on baten bila aritzen zen.
Poliziaren arrakasta handia
Hiru delitugile horiek atxilotuta, Ertzaintzak eta Polizia Nazionalak etxebizitzetan indarra erabiliz lapurreta egiten oso aktiboa zen talde kriminal bat desegin dute. Ertzaintzaren kasuan, Gasteizen eta Durangon egin zituzten lapurretak, eta Polizia Nazionalari dagokionez Estatuko beste hainbat eta hainbat probintziatan.
Etxebizitzetan indarra erabiliz egindako 70 lapurreta argitu dituzte guztira, eta horietako 33 egitateen lekuan DNA aurkitu izanari esker. Ertzaintzak Euskadin egindako hogei lapurreta baino gehiago egozten dizkie, ia guztiak Gasteizen egindakoak 2021eko abendutik 2023ko irailera bitartean, eta polizia-operatiboa 2024ko ekainean burutu da ikerketa luze eta zail baten ondoren.
Atxilotuak 46 eta 28 urteko bi gizon eta 28 urteko emakume bat dira, eta aurrekariak dituzte antzeko egitateengatik. Guztiak Fuengirolako Guardiako Instrukzio Epaitegiaren eskuetan jarri zituzten, eta epaileak gizona espetxeratzeko eta emakumea karguak egotzita aske uzteko agindua eman zuen, eta hirugarrenak espetxean jarraitzekoa.
Ikerketa zabalik dago, delitugile talde horrek egindako delitu gehiago argituko dituztela aurreikusten baitute.