Lehendakariak: «Bakea, askatasuna, demokrazia, bizikidetza, elkarrizketaren kultura edo adostasunak bilatzea babestu beharreko balioak dira»

0

Imanol Pradalesek Margaritis Schinas Europako Batzordeko Presidenteordea hartu du arratsaldeko lehen orduan Ajuria Enea Jauregian, Lehendakariak nazioarteko ordezkari batekin egin duen lehen bileran. Europako gure Bizimodua Sustatzeko arduraduna Euskadira egiten ari den bisita ofizialaren baitan egin da bilera, eta, bertan, Europar Batasunaren etorkizunari buruz hitz egin dute.

Hala, Lehendakariak defendatu du Europak une erabakigarria bizi duela Europako proiektuaren etorkizuna definitzeko. «Bakea, askatasuna, demokrazia, bizikidetza, elkarrizketaren kultura edo adostasunak bilatzea babestu beharreko balioak dira. Gure balioak dira. Europako balioak. Oso gogoan izan behar dugu, asko baitaukagu jokoan. Europa pisu politikoa galtzen ari da, eta lidergo ekonomikoa gero eta gehiago higatzen ari da «, azpimarratu du Pradalesek. Ildo horretan, «indarrak batzea eta aurrera egitea dagokigu», gogorarazi du.

Gai horiez gain, bileran beste batzuk ere jorratu dira, hala nola Europako Parlamentuaren osaera eta egoera, ekainean egindako hauteskundeen ondoren; Euskadiko Ekonomia Berreskuratzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategikoak (PERTE-ak); eta euskararen ofizialtasunaren defentsa Europan.