Solarcycle, bizikleta eta patinete elektrikoak kargatzeko eguzkiaren energia baliatzen duen enpresa

0
PRUEBA

Solarcycle empresak eguzki-kargako estazioak egin eta instalatzen ditu, sare elektrikotik kanpo, bizikletentzat eta scooter elektrikoentzat, erakundeei laguntzeko jasangarritasun-, garraio- eta ongizate-helburuak lortzen. “Eguzki-energia da hazteko ahalmen handiena duen energia berriztagarria, eta zoriontasun, esperientzia eta, laburbilduz, txirrindularitza iturri agortezina ere izan daiteke. Hori da Solarcycleren filosofia: eguzkiaren energia bizikleta elektrikoaren bateria kargatzeko aprobetxatzea “, azaldu du David Cortés enpresako negozio garapen arloko kideak. 

Enpresak totem bat jarri du bi bizikleta elektriko aldi berean kargatzea errazteko. Karga-puntu trinkoa, erresistentea eta pertsonalizagarria da eta eguzki-panelek elikatzen dute. Horiek eguzkiaren energia jaso eta bateria batean pilatzen dute, ondoren, entxufe konbentzional baten bidez bizikleta elektrikoa kargatzeko. “Oso azkarra eta erraza da mota honetako totem bat instalatzea. Eguzkiaren argiarekin elikatzean, ez zaude sare elektriko konbentzionalaren mende. Ez du obra zibilik behar, ez zanga egiterik, ez trafikoa mozteko beharrik, eta Solarcycle bera arduratzen da bere instalazioaz”, dio Cortesek. 

Bere eguzki-panelen mende bakarrik dagoenez, Solarcycle totem batek emandako energia guztia %100 berriztagarria den iturri batetik dator, bai ingurumenari dagokionez, bai CO2 aurrezteko ondorio fiskalei dagokienez. Horregatik, enpresak berak hilero txosten bat ematen  du, hornitutako energia eta hori erabiltzeak eragin duen isurketen aurrezpena egiaztatzeko. 

Gaur egun, langileen artean mugikortasun jasangarria sustatzen ari diren lehen enpresak ditu bezeroen artean, baita bizikleta elektrikoaren erabilera ibilbide turistikoekin sustatzen duten udalerriak ere. Unibertsitate eta teknologia- eta enpresa-parkeekin akordioak ixten ari da, ikasle, langile eta bisitariak kargatzeko irtenbide bat izan dezaten. Bizikleta elektrikoekin iristen diren gero eta bezero gehiagori zerbitzu pertsonalizatua eskaini nahi dieten lehen hotelak eta landetxeak ere batu dira. 

Era berean, enpresak Done Jakue bideko lehen karga-totema itxi berri du; urtero 30.000 zikloturista baino gehiagok bizikleta elektrikoak erabiltzeko jasotzen duten ibilbide handietako bat da. “Ibilbide luzeko bide horietan kargatzeko azpiegitura bat izateak bisitari berriak erakartzen ditu”, dio Cortesek. 

Etorkizunari begira, Euskadin totemak fabrikatzeko lerro bat sortzea du helburu. Gainera, hainbat bezerok eskatuta, pergola berezi bat diseinatzen ari da, material birziklagarriekin. Horrek ebikeak kargatzeko azpiegitura osoa osatuko du. 

SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.