Jon Gardokik, Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia saileko ikertzaileak, azterketa bat egin du, eta iraganeko isuri toxikoen ondoriozko sedimentuak nahasteak eta azaleratzeak duen arriskuaz ohartarazi du. Izan ere, aldaketa klimatikoa dela eta, gero eta ohikoagoak dira uholdeak, eta horiek eragiten dituzte aipatutako nahastea eta azaleratzea. Asturiasen egin du azterlana, Nalón ibaiaren estuarioan. Kokapen hori bereziki adierazgarria da, haren historia oso lotuta baitago ikatzaren eta merkurioaren meatzaritzarekin. Science of the Total Environment aldizkarian argitaratu da azterlana.
“Oso kutsatuta dagoen estuario baten eraldaketa historikoa berreraiki dugu, eta hori da lanaren berritasun handienetako bat. Ekintza horiek oso garrantzitsuak dira aldaketa globalak eta itsas mailaren igoerak markatutako testuinguru honetan. Izan ere, historikoki kutsatu izan diren itsasertzeko eremuen etorkizuneko ingurumen ibilbideak ezagutzen eta ulertzen laguntzen digute, eta irizpide zientifikoetan oinarritutako itsasertzaren kudeaketarako politikak egiten ere laguntzen digute”, esan du Jon Gardokik, lanaren egile nagusiak. Zientzia eta Teknologia Fakultateko Harea-Itsas Bazterreko Geologia ikertaldearekin batera egin du ikerketa.
Gardokiren iritziz, “aldaketa klimatikoaren ondorioz, aldatzen ari dira prozesu hidrologikoen maiztasuna eta larritasuna; esaterako, uholdeena”. Uholdeen eraginez, kutsatzaileak dituzten sedimentuak azaleratu eta mugitu egiten dira. “Nalón itsasadarraren kasuan, merkurio kontzentrazio oso altuen ‘biltegi’ gisa jokatu dute padurek, baina orain higatzen ari dira. Ondorioz, orain arte inerte zegoen elementu oso toxiko hori mobilizatu egin daiteke, eta ekosisteman integratu. Horrek ondorio negatiboak izango lituzke”, adierazi du ikertzaileak.
Estuarioko paduren higadura hasiberriak izan dezakeen ingurumen arrisku potentziala identifikatzeko aukera eman du azterlanak: “Prozesu naturalak (uholde historikoak eta ibaiaren ekintza handia) eta giza jarduerak eragindako prozesuak (ikatzaren eta merkurioaren meatzaritzarekin lotutako isuriak) aztertu ditugu. Izan ere, giza jarduerak definitu zuen eremua XIX. mendearen amaieratik aurrera, eta haren ingurumen bilakaera, bilakaera morfologikoa eta bilakaera geologikoa baldintzatu ditu azken 150 urteetan. Estuario honen ingurumen eraldaketa erregistratuta geratu da haren sedimentuetan. Geologiaren bidez, liburu baten kapituluak balira bezala irakur ditzakegu sedimentuak, eta horien historiaren xehetasunak berreraiki”, azaldu du geologoak.
Gardokik nabarmendu du beharrezkoa dela horrelako azterlanak egitea, oso kutsatuta dauden itsasertzeko ekosistemen zaurgarritasuna ezagutzeko: “Balio ekologiko handiko ekosistema hauek aldaketa klimatikoaren aurrean zer erreakzio izan dezaketen ulertzen laguntzen digute ikerketa mota horiek. Gainera, aukera ematen dute egokitze estrategiak garatzeko, eta estrategia horiek bereziki interesgarriak dira historikoki kutsatuta dauden itsasadarren kasuan; esaterako, Bilbokoa edo Pasaiakoa”.
2019an hasi ziren ikerketarekin, Espainia eta Portugal iparraldeko itsasertzeko ingurumen eraldaketak aztertzeko proiektu baten gisa. Aukeratutako kokapenen artean dago Nalón itsasadarra, XIX. mendearen erdialdeaz geroztik izandako meatzaritza historia dela eta. “Gaur egun, penintsularen iparraldeko beste estuario batzuk ikertzen jarraitzen dugu, oso kutsatuta daudenak, hala nola Vigokoa edo Bilbokoa. Bilboko estuarioaren kasuan, taldeak hiru urtean behingo jarraipena egiten du, Eusko Jaurlaritzak finantzatutako proiektu baten bidez”.
Erreferentzia bibliografikoak
Jon Gardoki, Alejandro Cearreta, María Jesús Irabien, José Gómez-Arozamena, Víctor Villasante-Marcos, Ane García-Artola, Filipa Bessa
Recent environmental and morphosedimentary evolution of the mining-impacted Nalón Estuary (Asturias, N Spain): Disentangling natural and anthropogenic processes
Science of The Total Environment