Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak onartu du 80.000 € erabiltzea, Gerra Zibiletik gaurdaino Euskadiren memoria demokratikoa berreskuratzeko, argitaratu gabeko ez-fikziozko liburuen argitalpena eta dokumentalen errealizazioa diruz laguntzeko.
Dirulaguntzen urteko deialdia Gogora−Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren ebazpenean jasotzen da. Memoria historikoa berreskuratzearekin eta oraintsuko memoriaren egia argitzearekin zerikusia duten gaiak demokraziaren eta giza eskubideen defentsaren ikuspegitik lantzen dituzten liburuak eta ikus-entzunezko ekoizpenak diruz laguntzea da horren helburua. Proiektu bakoitzak gehienez 5.000 euroko laguntza izango du liburuen kasuan, eta 15.000 eurokoa dokumentalen kasuan.
Laguntza-lerro honetarako eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta proiektu guztiek amaituta egon beharko dute 2024ko abenduaren 31rako.
EHAAn argitaratzen direnean, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak euskadi.eus egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, eta Gogora Institutuaren webgunetik ere eskura daitezke.