Udaltzaingoak Burtzeñako pabiloi baterako sarbideak zigilatu ditu, pertsonen osasungarritasunerako eta segurtasunerako arriskua dagoelako

0

Barakaldoko Udaltzaingoak Burtzeña auzoko Irailaren Zortzia kaleko 15. zenbakian dagoen industria-pabiloi baterako sarbideak zigilatu ditu gaur goizean, bertara sartzea saihesteko, «barruan pertsonak egoteak osasungarritasunerako eta segurtasunerako dakarren arriskuaren aurrean». Juan Antonio Pizarro Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketako zinegotziaren dekretu baten bidez hartutako kautelazko neurria da.

Angel Madrazo Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibileko zinegotziak gogorarazi duenez, uztailaren 5ean Udaltzaingoak egindako esku-hartze baten ondorioz hartu da neurria. «Hasiera batean, bi eraikinetan instalazio elektrikoaren egoera egiaztatzeko operazioa izan zen, baina esku-hartzean, agenteek sei adingabe aurkitu zituzten; antza denez, pabiloian lo egiten ari ziren, nahiz eta egoera osasungaitzean egon eta etxebizitza gisa erabiltzeko gaituta ez egon».

Adingabeen presentziak gizarte-zerbitzuen esku-hartzea behar izan zuen bere garaian, zaintzak bertan behera uzteko egoeran egon zitezkeelakoan. Foru Aldundiak adingabe horietako lau bere gain hartu zituen.

Gaur zigilatu aurretik, pabiloiaren barruan zeuden tresnak eta ibilgailuak eramateko baimena eman zaie jabeei, nahiz eta ustez autoetako bat lapurtu duten. Hori dela eta, Udaltzaingoak pabiloian geratzeko agindu du.

Madrazok jarduera horren beharra nabarmendu du, «zonaldeak duen degradazioaren eta horrek pertsonentzat dakarren arriskuaren aurrean».

Pabiloira sartzea galarazteaz gain, Udaleko Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketa Arloak jabeari eskatu dio «higiezina edozein eratako jarduerarik ez egiteko, aldez aurretik udalaren baimenik eta dagokion despbarruturik jaso gabe».

UR BELTZEN ISURKETA

Era berean, Dekretuan gogorarazten da industria-nabea hiri-antolamendutik kanpo dagoela, eta Uraren Euskal Agentziak (URA) hala eskatuta, Udaltzaingoak eta Udal Ikuskaritzak egiaztatu dutela ur beltzak Kadagua ibaira eta bide publikora isurtzen ari direla.

Uztailaren 5eko polizia-operatiboa aldameneko etxebizitza eta pabiloi bateko instalazio elektrikoarekin izandako arazo baten ondorioz gertatu zen. Bizilagunek Udaltzaingoari jakinarazi ziotenez, txinpartaren bat izan zen eraikinen barruan, eta suteren bat ere sortu zen. Egoiliarrentzako arriskua garrantzitsutzat jotzen zen. Gogoan izan behar da duela urte batzuk sute bat izan zela Zorrotzatik gertu dagoen eraikin batean, Bilbon, eta horrek ondorio lazgarriak izan zituela pertsonen bizitzan.

Iberdrolako teknikariek, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren dotazio batzuekin batera, azterketa bat egin zuten, eta argi publikoei legez kanpoko lotura bat egin zitzaiela ikusi zuten. Hori dela eta, hornidura eten zuten bi eraikinetan, eta udal-zerbitzuek etxebizitzaren eta pabiloiaren kanpoko kable guztiak kendu zituzten, hornidura elektrikoan modu irregularrean lotu ez daitezen.