Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek industria jasangarriaren aldeko proiektu partekatuak bultzatzeko konpromisoa berretsi dute

0
2-6-2024 PARTIDO DE LIGA HYPERMOTION JORNADA 42º MIRANDES-AMOREBIETA
  • Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua Saray Zarate, Ainara Basurko eta Ane Insausti Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sustapen ekonomikoko diputatuekin bildu da
  • Elkarrekin egindako lehen bileran, sailburuak eta diputatuek Euskadiren egoera eta testuinguru globala aztertu dituzte, industria hazteko eta deskarbonizazioan aurrera egiteko helburuak partekatuz
  • Jauregik adierazi du 2028ko Industria Plan berri bat landuko duela, Europaren berrindustrializazioa gidatzeko baldintzak ezarriko dituena

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren sailburu Mikel Jauregi Arabako Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasuneko diputatu Saray Zaraterekin, Bizkaiko Ekonomia Sustapeneko diputatu Ainara Basurkorekin eta Gipuzkoako Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Ane Insaustirekin bildu da, lurralde bakoitzeko beren erantzukizun-esparruetako egoera elkarrekin aztertzeko.

2024-28 Gobernu Programa erreferentziatzat hartuta, Jauregik, industria-klusterren aurrean egin zuen bezala, nabarmendu du beharrezkoa dela  gure erronkei aurre egiteko erakundeen arteko lankidetzan sakontzea, Herriaren indarra baita.

Imanol Pradales lehendakariak adierazitakoaren ildotik, Mikel Jauregik azpimarratu du lankidetzaren ikuspegia Euskadiko garapen industrialean ere islatuko dela: “batasuna eta talde-lana erantzun sendoak dira industria arloan hazteko, deskarbonizazioan aurrera egiteko; eta Euskadi herri erakargarri bilakatzeko jarduera eta enplegua sortzeko eta inbertsioa eta talentua erakartzeko”.

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek konpromisoa hartu dute beren politikei bultzada berria emateko eta herri-ikuspegia izateko, inbertsio berriak erakartzeko, euskal industria osoaren mesedetan.

Zentzu horretan, Euskadiko Parkeen Sarearen esparruan aurreikusitako campus teknologiko berriei eta BRTA – Basque Research and Technology Alliance Aliantzari lotutako ekimenak berrikusi dituzte; 2024-2029 Ekintzailetzaren Erakunde arteko Plan berria; Datu Zentroen aldeko apustu bateratua; eta baita BAIC – Adimen Artifizialaren Euskal Zentroan abian jarritako estrategia partekatua ere.

Era berean, erakunde guztiak bat datoz jarduera ekonomikoaren deskarbonizazioan aurrera egiteko eta industria jasangarriagoa bultzatzeko premia larriarekin. Esparru horretan, arreta jarri dute, besteak beste, energiarekin eta mugikortasunarekin lotutako herri-mailako ekimenetan: Automobilgintzan Fabrikazio Aurreratuko Teknologiak Garatzeko Euskal Zentroa – Basque Automotive Manufacturing Center (BAM), Araban; EIC-Energy Intelligence Center, Bizkaian; eta MUBIL- mugikortasun adimentsu eta jasangarriko zentroa, Gipuzkoan.

Laburbilduz, industriari balio erantsia emateko eta Euskadi Europan industria-erreferente aitzindari bihurtzeko apustu bateratua.