Justizia eta Giza Eskubideen sailburua Barne ministroarekin bildu da memoriaren eta espetxe-kudeaketaren arloko lankidetza estutzeko

0
  • Bilera San Josék kargua hartu eta hilabete eskasera egin da Euskadik espetxe-kudeaketaren transferentzia duen testuinguruan

Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San Josék lan-bilera bat izan du gaur Barne ministro Fernando Grande-Marlaskarekin. Bilera horretan, beren eskumenen esparruko gai komunak jorratu dira, memoriaren eta giza eskubideen arloan eta espetxe-politikaren arloan lankidetza estutzeko helburuarekin.

Eusko Jaurlaritzan kargua hartu eta hilabete eskasera, San José eta bere taldea Barne ministroarekin bildu dira, bi erakundeek partekatzen dituzten eta sailburuak bere eginkizunak betetzean lehentasunezkotzat jotzen dituen gaiak errepasatzeko. Horrela, adibidez, bi gobernuek espetxe-kudeaketan dituzten eskumenetan izandako esperientziak partekatu dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, Legebiltzarrak onartutako ereduaren aplikazioan.

Memoriari dagokionez, bi ordezkaritzek mahai gainean jarri dituzte Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Euskal Erakundearen eta Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren arteko harremanak, lankidetza hori zabaltzeko helburuarekin. Era berean, urriaren 8tik 9ra bitartean Arabako hiriburuan egingo den Terrorismoaren Biktimen Nazioarteko Konferentziari ere eskaini zaio arreta.

Bilera Ministerioaren Madrilgo egoitzan izan da, eta Alfonso Gómez eta Alfredo Retortillo Justiziako eta Giza Eskubideetako sailburuordeak, Alberto Alonso Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria eta Inés Soria Espetxe Erakundeetako aholkularia izan dira bertan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 24a