Barakaldok bat egin du Mugarik Gabeko Basoekin, +Bioaniztasuna tokiko gobernuen sarearekin eta Ibiltzen diren Hirien Sarearekin

0

Joan den asteazkenean Udalbatzak aho batez onartu zuen, Garapen Jasangarriaren eta Ingurune Naturalaren arloak proposatuta, Barakaldoko Udalak bat egitea ingurumenaren alde hainbat arlotan lan egiten duten hiru erakunderekin. Mugarik Gabeko Basoak Elkartea, Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren (FEMP) +Bioaniztasuna Tokiko Gobernuen Sarea eta Ibiltzen diren Hirien Sarea dira.

Alorreko zinegotzi ordezkari Alba Delgadok 2019ko irailean Osoko Bilkurak onartutako Larrialdi Klimatikoaren Adierazpenean kokatu ditu atxikimendu horiek, eta beste administrazio batzuekin koordinatuta lan egiteko beharra azpimarratu du. «Garrantzitsua da ulertzea ekimen horiek tokiko eremutik haratago joateko planteatzen direla. Lurralde arteko ekimenak dira, guk egiten duguna ez baita isolatua, eta besteek egiten dutena ere ez «, defendatu du.

Ildo horretan, Delgadok eskerrak eman dizkie talde politiko guztiei erakunde horiekin bat egiteko emandako babesagatik, arloko beste ekimen garrantzitsu batzuetan egin duten bezala, hala nola, Castaños eta Galindo ibaiak birnaturalizatzeko proiektuan edo araudi desberdinen onarpenean.

Mugarik Gabeko Basoetan sartzea funtsezkoa izango da Barakaldoko Tokiko Intereseko Zuhaitz Bereziak Babesteko Ordenantza garatzeko. Izan ere, erakunde honek lurraldeko zuhaitz berezienen katalogazio, kontserbazio eta dibulgazio proiektua du, «Zuhaitzak, kondaira biziak», eta datu-base oso bat du, zuhaitz berezien 8.500 erregistro inguru biltzen dituena.

Ildo beretik, FEMPen +Bioaniztasuna sareari atxikitzeak ordenantza horretako beste puntu bat garatzen lagunduko du: Azpiegitura Berdearen eta Biodibertsitatearen Plan Zuzentzailea egitea eta abian jartzea.

Ibiltzen diren Hirien Sareari dagokionez, bertan integratzearen helburua «espazio publikoa oinez ibiltzeko, egoteko eta gizarteratzeko leku gisa bultzatzea da, mugikortasun iraunkorra, irisgarritasun unibertsala, bide-segurtasuna, ingurumenaren kalitatea eta haurren autonomia sustatuz». Gogoan izan behar da Barakaldo, gaur egun, Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana (PMUS) egiteko prozesuan eta Emisio Baxuko Zona (ZBE) baten diseinuan murgilduta dagoela.