- Etxebizitza eta Hiri Agendako Sailburuak, halaber, lankidetza publiko-pribatu baten bidez lurzoru urbanizagarria berraktibatzea proposatu du, parke publikoaren bidez alokairu sozialeko 7.000 etxebizitza eraikitzeko helburua betetzeko
- Denis Itxasok txalotu egin du Gipuzkoako Batzar Nagusiek lortutako akordioa, zerga-tratamenduan progresibotasun handiagoa bilatzen duelako eta herri ikuspegitik erabilgarria izan daitekeelako; izan ere, Eusko Jaurlaritzak etxebizitzan inbertitzen dituen 900 milioietatik, % 50 inguru kenkari fiskalak dira
Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako Sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Radio Euskadiko Boulevardeko mikrofonoetan, eta etxebizitzaren egoerari buruz duen ikuspegia partekatu du, baita arlo horretan hartzeko asmo dituen neurriak eta bere Sailak ezarri dituen helburuak ere.
Horrela, Itxasok bere adierazpenak hasteko azpimarratu du hirigintza gaiek «ertz ugari» dituztela, eta horiek «Sail bat, determinazioa, ideiak, talde bat eta arazoa antzeman izana» behar dutela. Arazo hori «gai sozialtzat» jo du Etxebizitza sailburuak. Horrela, planteatzen diren irtenbideei dagokienez, Denis Itxasok esan du lortzen diren efektuak ez direla berehalakoak izango, «nahiz eta dagoeneko lan asko erein den, baina bultzatzen eta erritmo handiagoa ematen saiatuko gara».
Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak 2022-2036 Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala ere izan du hizpide, eta «tarteko helburuak» dituen bide bat dela azpimarratu du, «etxebizitza eskasiari aurre egiteko, batez ere alokairuan». Hala, Itxasok esan duenez, «etxebizitza-parkea ia ez da handitzen herritarren beharrei erantzuteko, etxebizitzaren merkatuari presio handia eginez». «Eskaintzaren eta eskariaren gainean jardun behar dugu», adierazi du.
Alokairuko 7.000 etxebizitza eraikitzea
Sailburuak bere karguaren lehen egunetan iragarri zuen merkatu libreko etxebizitza erabilera sozialera bideratzeko erosketari buruz galdetuta, Denis Itxasok azpimarratu du «lurzorua mobilizatu» behar dela, «merkatuko operadore publiko gisa jardunez, BOEen erreferentziazko prezioan erosteko formulak dituzten etxebizitzak erosiz, eta lurzoru pribatuaren aktibazioa erakargarriago eginez». Halaber, etxebizitzen eskaintza handitzeko helburuaren bidean, Itxasok berretsi egin du legegintzaldi honetan 7.000 etxebizitza alokairuan eraikitzeko Sailak ezarritako helburua, eta, horretarako, azpimarratu du «urtean etxebizitzak eraikitzeko gurutzaldi-abiadura handitu» beharko dela, «1.000 etxebizitza eraikitzen baitira, gaur egun, eta erakunde arteko akordioak lortu beharko dira udalekin». Horren harira, Sailburuak zehaztu duenez, «lehen 6 hilabete hauetan hartuko ditugun neurriak erabakigarriak izango dira helburu hori lortzeko ahalmenik badugun jakiteko».
Itxasok beharrezkotzat jo du, halaber, etxebizitza hutsen birgaitzearen erritmoa handitzea: 50.000 dira, erdiak eskaria dagoen eremuetan daude, eta horietatik 15.000k birgaitze lanak behar dituzte. «Urtean birgaitutako etxebizitzen kopurua % 1,5etik % 3ra bikoiztuko dugu, 2030 Agendaren helburuak ere betez». Erronka hori lortzeko, «aurrekontua gauzatzean eraginkorrak izateko konpromisoa ere hartu behar dugu», gaineratu du Sailburuak.
Tentsiopeko eremuen deklarazioa
Azkenik, Denis Itxasok esan du beharrezkoa dela erreforma fiskal bat egitea etxebizitza eskuratzea errazteko. Ildo horretan, Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako lana aipatu du, eta jarraitu beharreko bidea dela adierazi du, «etxebizitza eskuratzean progresibotasun handiagoa bilatzen duelako, errenten arabera eskubidez dagokion kenkari-maila doitzen duelako, eta, beraz, zerga aldetik, errenta baxuenak hobeto tratatzen dituelako». «Herri gisa finkatu beharko genuke erronka hori; izan ere, Eusko Jaurlaritzak etxebizitzan inbertitzen dituen 900 milioietatik, % 50 inguru kenkari fiskalak dira», adierazi du.