- Imanol Pradalesek iragarri du datorren irailaren 5ean abiatuko dela Euskal Osasun Sistemari buruzko Herri Ituna lortzeko prozesua, uztailean hainbat eragile instituzional eta sozioekonomikorekin izandako bilerak baloratzeko egin duen agerraldian
- Halaber, Pradalesek eskerrak eman nahi izan dizkio Pedro Sanchezi joan den ostiralean izan zuten bileran izandako “konfiantza- eta zintzotasun-giroagatik”. Bilera horretan, besteak beste, Lehendakariak Gernikako Estatutua osorik betetzearen garrantzia adierazi zion
Imanol Pradales Lehendakaria komunikabideen aurrean agertu da gaur eguerdian, azken asteetan euskal alderdi politikoekin, sindikatuekin, patronalarekin, eragile sozioekonomikoekin eta hezkuntza-esparruarekin izandako bilerak baloratzeko.
Pradalesek berriro eskertu die ordezkariei izan duten jarrera ona. Jarrera ona eta lan egiteko modu ona aitortu ditu, baina kritiko azpimarratu duenez «jarraipena izan behar dute gizarteak zaratatik aldentzeko eskatzen baitigu; arazoak konpondu behar ditugu, eta egunez egun hobetzen eta hazten jarraitu».
Ildo horretan, herritarren eskaerak aipatuz, Pradalesek honako hau baieztatu du: «hemen ez dago erronka sektorialik; herri erronkak ditugu aurrez aurre, herri bezala eta bakoitzak bere eskumen eta erantzukizunetik erantzun beharko diegu». Lan egiteko modu hori «aro berria» eta «nazioarteko testuinguru historiko honetan Euskadirentzat une erabakigarria» bezala definitu duen egoeran aurre egiteko bidea dela adierazi du Lehendakariak.
Euskal Osasun Sistemari buruzko Herri Ituna
Hala, Imanol Pradalesek Osasuna aipatu du Jaurlaritzaren lehentasunetako bat eta eragileek aurre egin beharreko erronka nagusietako bat bezala, eta iragarri du Osasuneko sailburuak Osasuneko Mahai Sektorialeko kide guztiak deitu dituela datorren irailaren 5erako bilera batera, 6 hilabeteko epean Euskal Osasun Sistemari buruzko Herri Ituna lortzeko lanei hasiera emateko. «Elkarrizketarako, eztabaidarako eta akordiorako etapa bat ireki da; denbora izango dugu lan egiteko eta elkarguneak aurkitzeko», adierazi du Lehendakariak.
Gernikako Estatutua osorik betetzea
Joan den ostiralean Pedro Sanchez Gobernuko Presidentearekin izandako bilera ere aipatu du Pradalesek, eta «lan-bilera hau denbora gutxian itxi ahal izateko izan duen jarrera» eskertu dio, baita bileran izan zen “konfiantza- eta zintzotasun-giroa» ere.
Hala, Sanchezi helarazi zizkion lehentasunezko gaien artean, Gernikako Estatutua osorik betetzea aipatu du, jorratu beharreko konpromiso nagusi moduan. Gai horri buruz, Pradalesen hitzetan, «biok ibilbide-orri bera partekatzen dugu».
Konpromiso horri lotuta, eta eragileekin izandako bileren ondoren, Lehendakariak bere konpromisoa adierazi du: «euskal herritarren belaunaldi berri bati esparru berri bat eskaintzea, ongizatea bermatzeko eta Euskadiri mundu honetan hazi ahal izateko tresna berriak eskaintzeko».