- Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak eta Angel Victor Torres Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak bilera egin dute gaur arratsaldean Madrilen
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak bultzada berri bat emango diote bi administrazioen arteko harremanari, udaren ondotik, Lankidetzarako Bitariko Batzordea abiaraziz. Lehendakariaren eta Sánchez presidentearen arteko bilera egin eta egun gutxitara baieztatu dute Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak eta Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministro Ángel Víctor Torresek Bitariko Batzordea udaren ostean, urria amaitu baino lehen, bilduko dela.
Ministroarekin izandako bileraren ondoren, Ubarretxenak izaera iraunkorra izango duen Bitariko Batzordearen garrantzia nabarmendu du, sei hilean behin, Imanol Pradales lehendakariaren eta Pedro Sánchez Espainiako presidentearen arteko bilerek balio izango dutelako eskualdatzeke dauden transferentzien jarraipena egiteaz gain, Euskadiren eta Espainiaren arteko aldebiko gaiak jorratzeko.
Ubarretxenak, ministroarekin eta ondoren Arcadi España Lurralde Politikako Estatu idazkariarekin egindako bilerak baliatu ditu eskualdatu gabe dauden eskumenen transferentziak lantzen jarraitzeko. «Joan den ostiralean lehendakariaren eta Sanchez presidentearen arteko bilerak eta Lankidetzarako Bitariko Batzordea abian jartzeak bultzada emango diote Euskadi-Espainia harremanari eta dinamika berri bat ezartzea ahalbidetuko digute; ez soilik eskumenen transferentziak sustatzeko, baita ere gure koordinazioa behar duten eta euskal herritarren interesekoak diren beste hainbat gai jorratzeko ere” berretsi du Ubarretxena sailburuak eta ministroak eta Estatuko idazkariak agertutako elkarrizketarako eta akordiorako borondatea azpimarratu du.