Erakundeek gero eta datu-bolumen handiagoa kudeatzen dute, eta, aldi berean, datu horietatik ezagutza ateratzeko aukera ematen dute. “Gislanen gure bezeroen informazio-beharrei erantzuten diegu eskura dituzten datuei dagokienez, eta emaitzak bezeroaren helburuak betetzeko formaturik funtzionalenean zerbitzatzen ditugu“, azaldu du Gislaneko CEOak, Imanol Esnaolak. Txosten analitiko bat izan daiteke, bezeroaren galderei erantzuteko, edo aplikazio informatiko bat, datuak autonomiaz ustiatu eta aztertzeko.
“2009an, datu espazialak organizazioen adimen korporatiboan txertatzeko aukerak gero eta zabalagoak zirela ulertu genuen. Era berean, bere aktiboak eta jarduerak lurraldean zehar zabaltzen dituzten erakundeentzat gisa honetako zerbitzuak gero eta beharrezkoagoak zirela ikusi genuen, izan hirigintza arloan, zein zerbitzu, banaketa, ingurumen, marketin eta bestelako hainbat arlotan”, kontatzen du Imanol Esnaolak. BIC Donostiaren bultzadarekin, informazio geografikoko sistema korporatiboak inplementatzen espezializatu zen, eta, aldi berean, datuen analisi-zerbitzuak eskaintzen ditu.
15 urteko ibilbidean, Gislan egokitu eta eboluzionatu egin da bere bezeroei sortzen zaizkien beharrei erantzuteko. “Jarrera horrek gaitasun berriak eta zabalagoak eskuratzen lagundu digu eta datu-zientziaren alorrean gure balio-proposamena indartzen lagundu digu”, adierazi du Gislaneko CEOak. Prozesu horretan, informazio geografikoko sistemak diseinatu eta ezartzetik datu-zientzian oinarritutako irtenbideak erabiltzera igaro da.
Administrazio publikoei zein entitate pribatuei zerbitzuak ematen dizkie eta era guztietako gaiak lantzen ditu: gizarte zerbitzuak, etxebizitza, hirigintza, marketina, ingurumena, mugikortasuna, hornidura sareak, etab. Bezero gehienak Gipuzkoakoak, Bizkaikoak eta Nafarroakoak dira, baina Iparraldeko Mankomunitaterako ere lan egin du eta gaur egun proiektu bat garatzen ari da Kataluniako Alt Pirineun eta Vall d ‘Aranen. Auzosare informazio-sistema da, nahi ez den bakardade-kasuetan hauskortasun-egoerak detektatzeko softwarea, Bogan Taldearekin eta Adinberri Fundazioaren laguntzarekin garatu duena.
Gislanek uste du datuen kultura sustatu behar dela erakundeen barruan, egungo eskaerekin eta aukerekin bat egiteko. “Gure bezeroei ahalmena eman nahi diegu datuen zientzia eta adimen artifiziala erabiliz erabaki informatuak eta estrategikoak har ditzaten”, dio Imanol Esnaolak. Gainera, datuen ustiapen eraginkorra ahalbidetuko duten soluzio gero eta funtzionalagoak eta seguruagoak diseinatzeko gaitasunak indartzen jarraitzeko grina adierazten dute. Epe ertainean, “prestakuntza handia eskatuko duten baliabide berriak iristen joango dira eta hortxe jarraitu nahi dugu, konputazio aukera berriak aprobetxatuz merkatuko eragileen ezagutza behar berriei erantzuten dieten oinarri teknologikoko proiektuak inplementatzen”.
Gaur egun, Gipuzkoako enpresak datu espazialak prozesatzeko eredu bat garatzen du, machine learning eta sare neuronalen teknika aurreratuak erabiliz. Eredu horrek aukera emango dio bere bezeroek aurre egin beharreko erronkak zehaztasun handiagoz ulertzeko eta erregistroen geokodifikazio- eta lotura-prozesua optimizatzeko. Horrela, “aholkularitza eraginkorragoa eskaini ahal izango diegu haien praktikak hobetzeko, gure datu-tratamenduen eraginkortasuna eta zehaztasuna nabarmen handituz”, ondorioztatu du Gislaneko CEOak.
SPRI Taldearen helburuetako bat euskal enpresen eraldaketa digitala da. Besteak beste, Smart Industry, BDIH Konexio, Zibersegurtasun Industriala, Enpresa Digitala edo Inplantalariak laguntza-programen bidez bultzatzen du.