Cantoblancoko parke eolikoa bertan behera geratu da, eta Azazeta, Labraza eta Itsarazko parkeek aurrera jarraitzen dute ingurumen-baimenarekin Araban

0
  • Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren ustez, azpiegitura berriztagarriak bizkortzea premiazkoa da etorkizun industriala bermatzeko
  • Cantoblancoren kasuak erakusten du administrazioak modu bermatzailean jarduten duela ingurumenaren ikuspegitik
  • Mikel Jauregi sailburuak eta Ramiro González diputatu nagusiak berriztagarriei buruzko eztabaida lasai eta arrazionala areagotzeko deia egiten dute

Arabako lurraldeko parke eolikoen proiektuen tramitazioa berritasun aipagarriekin ari da aurrera egiten, eta Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak elkarrekin baloratu dituzte.

Eusko Jaurlaritzak baieztatu du laster argitaratuko dela Cantoblancoko parke eolikoari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpen negatiboa, proiektua bertan behera uztea eragin duena. Aldi berean, Azazeta, Labraza eta Itsarazko proiektuen tramitazioa erritmo onean doa, eta hiru proiektu horiek badute beharrezkoa den eta dagokion aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

Administrazioa kudeaketa zorrotza egiten ari da ingurumen-eskakizunak betetzeko, eta Cantoblancoko parkearen ingurumen-inpaktuaren adierazpena negatiboa izango da, mendilerro horrek interes handia baitu faunarentzat, hegazti harraparien bikote askoren bizitzeko eta elikatzeko eremua baita.

Industriaren etorkizuna arriskuan, azkar jarduten ez bada

Testuinguru horretan, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua eta Ramiro González diputatu nagusia bat datoz energia berdeko azpiegiturak bizkortzeko premian, Arabako industriaren etorkizuna lurraldeak energia berriztagarria sortzeko duen ahalmenaren baitan baitago. Hori dela eta, proiektu berriztagarrien kudeaketan eta tramitazioan koordinatuta aurrera egitea adostu dute, eta jarraipena modu ordenatuan egingo dute, ingurumen-berme guztiekin eta tokian tokiko eragileekin kontrastatuta.

Eztabaida lasai eta arrazionala erakundeekin eta tokiko eragileekin

2023an, Araban kontsumo elektrikoa 2.110 GWh-koa izan zen guztira, eta % 15,1 bakarrik izan zen lurraldean sortutako energia berriztagarria. Lurraldearen mendekotasun energetikoa eta industriaren etorkizuneko bideragarritasuna erakundeen, enpresen eta herritarren inplikazioarekin irauli beharreko errealitatea da.

Mikel Jauregik eta Ramiro Gonzálezek energia berriztagarrien proiektu berriak instalatzeari buruzko eztabaida lasai eta arrazionala areagotzeko deia egin dute.  Aldi berean, kudeaketa administratibo zorrotza eta arduratsua, gardena eta lurraldearekiko gertukoa zaintzeko konpromisoa hartu dute.