Ibone Bengroetxea lehen lehendakariordeak Getariako Zarautz Jauregia bisitatu du Gipuzkoako diputatu nagusiarekin eta herriko alkatearekin batera

0

Hainbat erabilera izango dituen jauregiaren zaharberritze integralaren bilakaera ikusteko bilera izan da.

Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak, Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak eta Getariako alkate Haritz Alberdik lan-topaketa bat izan dute gaur goizean, Zarauzko Jauregiaren zaharberritze integraleko lanen bilakaera ezagutzeko.

Getariako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Europako funtsekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren emaitza dira obra horiek. Bertan, eraikinaren birgaitzea aurreikusten da, baita erabilera anitzeko espazio bat prestatzea ere. Horien artean, nabarmentzekoak dira turismo-bulego bat eta «Elkano Mundibira» museo-espazio bat, espedizioa modu didaktiko eta erakargarrian erakusteko helburua duena, jasangarritasunaren eta kultura-aniztasunaren errespetuan oinarrituta.

Zarautz Jauregia Getariako Hirigune Historikoan dago, Kale Nagusiko 38 eta 40 zenbakietan, eta interes kulturaleko eraikina da, 1999ko Dekretuaren bidez babestua. Dekretu horren bidez, Getariako Hirigune Historikoa Sailkatutako Kultura Ondasun izendatu zen, Monumentu Multzo Kategorian, Euskal Kultura Ondareari buruzko 1990 Legeak aipatzen dituen babes-araubideak jarraituz.

Eraikina, gaur egun hutsik dagoena, eskuinetik beste dorre batekin lerrokatuta dago eta ezkerretik, partzialki, San Salvador elizarekin. XVI. mendeko eraikin gotikoa da, ondare baliotsukoa, Getariako hiribilduaren bilakaerari eta garapenari buruzko informazioa jasotzen baitu hormen artean. Bestalde, orubearen beheko solairuan indusketa arkeologiko sistematikoak egin dira, eta erromatarren okupazio baten aztarnak azaleratu dira. Garai historiko hori ez dago ia dokumentatuta Euskal Autonomia Erkidegoan, beraz, aztarna horiek ikusgai jarriko dira monumentuaren eta Getariaren historiaren zati gisa balioa emateko.