Bi urteko saria bertaratzeari Getafe CFren aurkako partidatik aurrera

0

Abuztuaren 15etik aurrera, San Mameseko bere eserlekua betetzen duten bazkideek (beraiek edo beste persona bat bertaratuta) edo inor joango ez delakoan Klubari lagatzen diotenek, aukera gehiago izango dituzte beste behin balizko finaletarako zozketetan

Athletic Clubek bere bazkideak San Mamesera Ligako eta Kopako partidetan bertaratzea saritzen jarraituko du datozen bi denboraldietan zehar. Bere eserlekua gehien okupatzen edo okupatzen laguntzen dutenek aukera gehiago izango dituzte balizko Kopako finaletako zozketetan. Kontagailua hutsean jarriko da bazkideentzat datorren abuztuaren 15etik aurrera, osteguna, Getafe CF taldearen aurka San Mamesen jokatuko den LaLigako lehen partidarekin batera, eta etengabe zenbatuko da 2024/25 eta 2025/26 denboraldietan LaLigan eta Kopan jokatuko diren partida guztietan.

Zenbaketa-aldiaren iraupena da berritasun nagusia iazkoarekin alderatuta: bi denboraldi jarraian. Hau da, Athletic Club denboraldi honetan Kopako finalera iritsiko balitz, edota hurrengoan edo bietan lortuko balu, partida beretik zenbatuko litzateke: 2024ko abuztuaren 15ean, Getafe CFren aurkakotik. Hortik aurrera, LaLigako eta Kopako (zozketaren dataren arabera erabakitzeke) bertaratzeak gehituko lirateke, bazkide bakoitzak zozketetan izango dituen partaidetzak zehazteko. Zenbat eta handiagoa izan bertaratzea orduan eta aukera gehiago. Beraz, 2024/25 denboraldiko partidetara joatea 2025/26 denboraldiko zozketa posible baterako ere zenbatuko da, eta denboraldi horretako bertaratzeari gehituko zaio.

Europako neurketetara joatea (denboraldi honetan Europa Leaguera) ez da kontuan hartzen sari honetarako, eta bere hobari propioak izango ditu, aurrerago jakinaraziko direnak.

Aldi berri honetarako helburua aurrekoetan zegoen bera da: harmailetan eserleku bakar bat ere hutsik ez geratzea. Zelaia betetzea funtsezkoa da taldeak, zaleek bultzatuta, San Mames gotorleku bihur dezan. Estadiora bertaratzeak gora egin du azken urteetan, eta aurreko denboraldian Kopan eta Ligan lortutako azken arrakastetatik ezin da bereizi. Gainera, ez da soilik kirol-eragina. Athletic Clubek 44.000 bazkide inguru ditu eta San Mameseko esperientzia bizi nahi duten athleticzale guztien eskaria ez da asebetetzen. Azken finean, Athleticen eta zaleen onerako erabakigarria da txartelik erabili gabe ez geratzea.

 

Zeri deritzogu bertaratzea?

Aurreko denboraldiaren antzera, Athletic Clubek pertsona baten bertaratzea zenbatzeko honako hiru egoera hauetako bat gertatu beharko da:

  • Bazkidea bere txartelarekin San Mamesera bertaratzea.
  • Bazkideak bere txartela beste pertsona bati lagatzea eta pertsona hori San Mamesera bertaratzea.
  • Bazkideak bere eserlekua Athletic Clubi lagatzea.

App-aren, Bazkideen Txokoaren bidez edota telefonikoki txartelaren lagatzea
NOLA LAGATU TXARTELA?
Athletic Clubek txartelaren lagatzea prozesu arina eta fidagarria izan dadin erraztasun guztiak eskaintzen ditu.

App ofizialaren eta 900909709 zenbakiaren arreta telefonikoaren aukerez gain, berritutako Bazkideen Txokoak txartela (beste pertsona bati edo Klubari) lagatzea ahalbidetzen du.

Bazkideek neurketa hasi baino 2 ordu lehenago beste pertsona bati txartela lagatu ahal izango diote eta soilik hartzaileak onartzen ez badu berreskuratzeko aukera izango dute. Lagapena eskainiko zaion pertsonak App-an edota posta elektronikoan onartu ahalko du eskaera eta bi bidetatik zelaira sartzeko QR kodea jasoko du.

Bazkideek Klubari neurketa hasi baino 24 ordu lehenago lagatu ahal izango diote txartela eta soilik eserlekua saldu ez denean berreskuratu ahal izango dute. Klubak eserlekua saldu badu, bazkideak sarreraren prezio garbiaren %50-a ordainketa bakarrean (saldu izan diren lagapen guztiekin batera) denboraldi amaieran jasoko du. Une oro, bazkideak  lagapenek pilatutako kitapen kopurua NIRE LAGAPENEN KITAPENA atalean ikusteko aukera izango du.
Horrela saritzen da San Mamesera egindako bertaratzea

Athletic Kopako finalera iritsi osteko zozketa hipotetiko baten aurrean, eta aurreko denboraldiko finalean gertatu zen antzera, bazkide bakoitzak LaLigan eta Kopan bertaratutako partida bakoitzarengatik (edo beste pertsona bati lagatzeagatik eta erabiltzeagatik; edo, saldu ala ez, Klubari lagatzeagatik) zenbaki bat izango du zozketan.
San Mamesen 2024ko abuztuaren 15etik aurrera jokatuko diren LaLigako eta Kopako norgehiagoka guztiek balioko dute: lehena, Getafe CF taldearen aurkako LaLigako partida izango da eta kontaketa bi denboralditan zehar mantenduko da, 2025/26 denboraldian San Mamesen jokatuko den LaLigako edota Kopako azken neurketara arte.
Denbora honetan zehar Athletic Kopako final batetara iritsiko balitz, Klubak honako termino hauetan egingo luke bazkideen arteko zozketa.

  • Bazkide guztiek zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Edozein bazkidek zozketan izena emateko eskubidea izango du eta neurketa bakar batetara bertaratu ez diren edota eserlekua lagatu ez duten horiei parte hartze bakar bat egokituko zaie. Gainontzeko bazkideek, 2024ko abuztuaren 15etik aurrera (Getafe CF-ren aurka) eta zozketa egiten den arte batutako San Mamesen jokatuko diren LaLigako eta Kopako bertaratzeen bezain beste parte hartze kopurua, gehi gehigarri bat, jasoko dute. Hau da, bazkide batek bere eserlekua 22 norgehiagokatan erabili badu, 23 parte hartze (22+1) egokituko zaizkio zozketan.
  • Taldeka izena emanez gero, taldea osatzen duten bazkide bakoitzak taldekide guztien batazbesteko parte hartze kopurua izango du. Emaitzak dezimalak izango balitu, horiek ezabatuko lirateke.
  • Programa informatiko batek parte hartze bakoitzari zenbaki ezberdin bat ezarriko dio; horrela, bazkide edota talde bakoitzak dituen parte hartze kopuruaren bezain beste zenbaki izango ditu.
  • Programa informatikoak zozketan saritutako zenbakiak zeintzuk diren zehaztuko ditu, bazkideentzat eskuragarri dauden sarrera adina izango direnak.
  • Athletic Clubek kanpoko auditoretza eta aholkularitzekin ziurtatuko du prozeduran ez dagoela joera estatistikorik eta bazkide guztiek hautatuak izateko aukera berdinak dituztela, Klubak aldez aurretik definitutako irizpideen arabera.
  • Bazkide bakoitzak zenbaki bakar bat izan dezake sarituta. Beraz, programa informatikoak bazkide beraren zenbaki bat baino gehiagor sarituko balu, lehenengoa bakarrik hartuko da saritutzat, eta gainerakoak baliogabetuta geratuko dira.
  • Zozketan bertan, programa informatikoak ordezko zenbakiak esleituko ditu, aurreko puntuan azaldutako arrazoiagatik baliogabetutako zenbakiak estaltzeko.
  • Saritutako zenbaki guztiak bete ondoren, Klubak horien zerrenda argitaratuko du, dagozkien bazkide-kodeekin batera.