Golik gabeko berdinketa Atleticoren aurka

0

Athleticek ezin izan zuen talde madrildarra gainditu Aranda de Dueron jokatutako norgehiagokan

Ez zen golik egon, baina lehoienak izan ziren aukera gehienak Aranda de Dueron bero handiarekin jokatutako lagunartekoan. Athleticek hobetzen joan zen minutuak aurrera egin ahala eta sentsazio onekin amaitu zuen denboraldiaurreko bere bigarren norgehiagoka.

Partidaren hasieran Sheilak gola gertu izan zuen. Victor Martinek aulkitik zuzendutako futbolariak baloiaren jabe egin ziren, abagunerik sortu gabe, bilbotarren zelaian. Handik gutxira, lehoiek lehen saiakera izan zuten 14. minutuan Zugastik Lola Gallardoren eskuetara egindako erremate batekin. Atleticok alboko erdiraketekin estutzen zuen, nahiz eta zuri-gorriek aurrerapausoa eman zuten eta arrisku gehiagorekin iristen ari ziren madrildarren ate ingurura. Beroak ere gogor jotzen zuen Arandan, Burgosko hiriarentzat berezia zen arratsalde batean. Elexpuruk eta Azkonak min egin zuten bere hegaletik eta biek gol abagune berriak sinatu zituzten David Aznarren taldearentzat. Hala ere, neurketa parekatua zegoen eta markagailua ez zen mugitu.

Athletic hazten joan zen eta bigarren zatian Nanclaresek geldiketa on bat egin zuen. 66. minutuan, Maddik kornerra errematatu zuen, baina bere baloia desbideratuta joan zen. Sanadri, berdegunean sartu berria, atezain amadrildarra ezustean harrapatzen saiatu zen, baina jaurtiketak ez zeraman indar gehiegirik.

Azken txanpan, 30 graduetatik jaitsi gabe, Athleticek aurkariaren area zapaltzen jarraitu zuen eta bi klubetako harrobietako jokalari askok zapaldu zuten Juan Carlos Higuero zelaia. Sanadrik, beste lasterketa batean, madrildarren defentsak saihestutako aukera paregabea izan zuen. Athleticek sentsazio onekin amaitu zuen eta nagusi izan zen, azken unera arte golaren bila borrokatuz. Saiatu arren, ez zen iritsi.
Hurrengo hitzordua larunbat honetan izango da, 18:30ean, Riazorren. Depor eta Athletic Teresa Herrera txapelketan lehiatuko dira.