Aston Villa: West Midlandseko lehoi historikoak

0

Zailtasun garai baten ondoren, Unai Emeryren aginduetara berpiztutako Villanoek Ingalaterrako futbola irauli dute eta 1982/83 denboralditik jokatu ez duten Txapeldunen Ligara bueltatzeko prestatzen ari dira

Athletic Clubek Unai Emeryren Aston Villaren aurka jokatuko du Walsall FC-ren Bescot Stadiumean abuztuaren 7an, asteazkena, Euskal Herriko 20:30ean.

Lehoiek denboraldiaurreko azken aurreko proba izango dute, Burgos CF (2-1, uztailak 20, El Plantio), Real Racing Club de Santander (2-1, uztailak 24, Lasesarre), Sporting Clube de Portugal (3-0, uztailak 27, Jose Alvalade), SD Eibar (1-0, abuztuak 1, Las Llanas), eta CA Osasunarekin EH Kopako finalean (2-1, abuztuak 3, Lasesarre) jokatu ostean eta Bundesligako txapeldunordea izan den VfB Stuttgarti (abuztuak 10, MHP Arena, 15:30ean) bisita egin aurretik.

Aston Villa, Birminghamen egoitza duena, Ingalaterrako bigarren hiri handienean, herrialdeko klub esanguratsuenetako bat da. Zalego handia eta 43.000 ikuslerentzako lekua duen estadioa izateaz gain, Claret and Blues taldeak maila goreneko zazpi titulu irabazi ditu (1893/94, 1895/96, 1896/97, 1898/99, 1899/00, 1909/10 eta 1980/81), Ingalaterrako zazpi Kopa (1886/87, 1894/95, 1896/97, 1904/05, 1912/13, 1919/20, 1956/57), Ligako bost Kopa (1960/61, 1974/75, 1976/77, 1993/94, 1995/96), Europako Kopa bat (1981/82) eta Europako Superkopa bat (1982).

Bere palmaresean 20 titulu eskuratuta, Villa Ingalaterrako futbolaren historiako bosgarren talderik sarituena da, eta, gainera, 110 denboraldi jokatu ditu maila gorenean, Evertonek bakarrik gainditutako errekorra.

Emeryren mutilak aurkari gogorrak izango dira Ernesto Valverderen taldearentzat, zuri-gorriak 2024/25 denboraldi frenetiko baterako prestatzen ari baitira. Villanoak 2023/24 Premier Leaguean nabarmendu ziren, une jakin batean titulua lehiatzeko mehatxua eginez, azkenean laugarren postua eta denboraldiko azken aurreko partidan Txapeldunen Ligarako sailkapena ziurtatu aurretik.

Partidarako sarrerei buruzko informazioa esteka honetan.

Aurrekariak

Ingalaterrako West Midlandseko lehoiek beste bost aldiz jokatu dute Bizkaiko lehoien aurka. Lehenengo topaketa Katedralean izan zen, 1977/78 denboraldian. Athletic Clubek 2-0 irabazi zuen Carlos Ruiz Herreroren bi golei esker. Partida hark ere leku berezia du Athleticen historian, diktadura amaitu ondoren ikurrina San Mamesen jarri zen lehen aldia izan baitzen.

Hiru hilabete geroago, UEFA Kopako final-zortzirenetan elkarren aurka jokatu zuten. Joanekoan, Athleticek 2-0 galdu zuen Villa Parken, Jose Angel Iribarren bere atean eta John Deehanen gol banarekin. Bilbon, Dennis Mortimerrek aurreratu zituen ingelesak azken minutuetan Dani Ruiz-Bazanek berdindu aurretik.

Ia 20 urte geroago, Villa Bilbora itzuli zen UEFA Kopako final-zortzirenetako kanporaketa bat jokatzeko. Villanoek jokalari indartsuak zituzten, besteak beste, Mark Bosnich, Gareth Southgate, Steve Staunton, Stan Collymore, Dwight Yorke eta Savo Miloševic.

Zuri-gorriek hutsean berdindu zuen Birminghameko taldearekin Katedralean, baina 2-1 galdu zuten Ingalaterran. Mark Draperrek eta Yorkek aurretik jarri zituzten etxekoak Javi Gonzalezek 70. minutuan aldea murriztu aurretik.

Erraldoi baten esnatzea

Nahiz eta Premier Leagueko ohiko parte hartzailea eta Europarako hautagai etengabea izan 1991/92an lehiaketa hasi zenetik (denboraldi horretan Manchester Uniteden aurkari nagusia izan zen tituluagatik borrokatuz), Aston Villak beherakada izugarria izan zuen 2010eko hamarkadan, eta 2015/16an Championshipera jaitsi zen.

Bigarren mailan hiru denboraldi egin ondoren, Dean Smithek play-offen bidez itzuli zuen Villa maila gorenera, baina kostatu egin zitzaion lehengo estatusa berreskuratzea.

Hala ere, Villa indartsua bihurtu da Ingalaterrako futbolean Unai Emery euskal entrenatzaileak Steven Gerrard ordezkatu zuenetik 2022ko urrian.

Emery Birminghamera joan zenean, Villak hiru garaipen besterik ez zituen lortu 2022/23 denboraldiko lehen 13 partidetan, baina norabide aldaketa nabarmen batek, ondorengo 25 partidetan 15 garaipen erdietsita, Villanoek Conference Leagueko postu bat lortu zuen zazpigarren postuan amaituz.

2023/24 denboraldiko lehen jardunaldian Newcastle Uniteden aurka 5-1 galdu izanak une batez kezkatu zituen Villaren jarraitzaileak, baina Claret and Blues taldea berehala suspertu zen. Emeryren lehoiak lau onenen artean kokatu ziren hurrengo 13 partidetan bederatzi garaipenekin, eta abenduan Manchester City eta Arsenalen aurka lortutako garaipenek titulua lehiatzeko aukerarekin espekulatu zuten.

Bere formak apur bat behera egin bazuen ere, Villa Txapeldunen Ligako postuetan finkatu zen eta datorren denboraldiko torneoan bere postua ziurtatu zuen jardunaldi baten faltan. Azkenean, laugarren postuan bukatu zuen 68 punturekin, 20 garaipen, zortzi berdinketa eta hamar porroten ostean. Premier Leagueko golegilerik onena Ollie Watkins aurrelari ingelesa izan zen, 37 partidatan 19 tanto egin baitzituen.

Europan, Emeryk Conferenceko finalerdietara eraman zuen Villa, non bi norgehiagokak galdu zituen Jose Luis Mendilibarren Olympiacos FC txapeldunaren aurka.

Europako txapeldun ohiak

1874an sortu zen eta Aston izeneko Birminghameko zonalde batean du egoitza. Ingalaterrako futbolaren klub zaharrenetako eta enblematikoenetako bat da.

Aston Villak 1886/87an altxatu zuen bere zazpi Ingalaterrako Kopetako lehena, eta 1888an Ingalaterrako Futbol Liga sortu zuten 12 taldeetako bat izan zen, 1893/94an lehen aldiz irabazi zuena. Gainera, 1896/97an, bigarren talde ingelesa izan zen Liga eta FA Cup garaikurrak altxatu zituena.

Athletic Clubek bezala, Villak ere berpizkunde garaia bizi izan zuen 1980ko hamarkadaren hasieran. Ron Saundersen babespean, Villanoek Lehen Maila irabazi zuten 1980/81ean, Bobby Robsonen Ipswich Town lau puntuz gaindituz.

1981/82 denboraldian, Villa Ingalaterrako futbolaren historiako une garrantzitsuenetako baten protagonista izan zen, Europako Kopa lehen aldiz irabazi baitzuen.

Ron Saunders denboraldi erdian galdu arren, Tony Barton bigarren entrenatzaileak hartu zuen taldearen ardura. Taldeak Dinamo Kiev kanporatu zuen final-laurdenetan eta Anderlecht finalerdietan, Bayern Munich 1-0 garaitu aurretik, Peter Witheren gol bati esker 67. minutuan.

Hurrengo denboraldian, Europako Superkopa irabazi zion FC Barcelonari, 1-3 Camp Noun eta 3-0 Villa Parken.

Villa Park

Villa Park, 43.000 ikuslerentzako lekua duena, Aston Villaren etxea izan da 1897tik. Ingalaterrako hamargarren futbol estadiorik handiena da eta esanahi berezia du bertako futbolean.

2007an Wembleyko estadio berria inauguratu aurretik, Ingalaterrako Kopako finalerdiak klubetako hiruzpalau estadioetako batean egin ohi ziren, egoitza neutrala bermatzeko. Villa Parkek Ingalaterrako Kopako 55 finalerdi hartu ditu, beste edozein estadiok baino gehiago.

Athletic eta Villaren arteko denboraldiaurreko partida Bescot Stadiumean izango da. Birminghametik bederatzi kilometro iparraldera dagoen, eta 11.000 ikuslerentzako lekua duen estadioa Walsall FC, League Two eta Aston Villa Women taldeen etxea da.

Nazioarteko jokalariak

Unai Emeryren lehen taldeko jokalari gehienak internazionalak izan dira. Besteak beste, Emiliano Martinez atezain argentinarra, munduko txapelduna, Leon Bailey jamaikarra, Jhon Duran kolonbiarra eta Douglas Luiz brasildarra.

Gainera, lau jokalari deitu dituzte 2024ko Eurokoparako: Ollie Watkins eta Ezri Konsa (Ingalaterra), John McGinn (Eskozia) eta Youri Tielemans (Belgika).

Birminghameko «Brummiak»

West Midlandsen dago, Ingalaterrako industria-bihotz handian, eta Birmingham hiriak milioi bat biztanle baino gehiago ditu.

Birmingham, «Mila ofizioen hiria» bezala ezaguna, historikoki manufaktura-gune garrantzitsua izan da, era guztietako ondasunen ekoizlea, jostailu eta bitxietatik hasi eta txanpon, letoi eta altzairuraino.

Birminghameko hiritarrei «Brummies» deitzen zaie, eta Ingalaterran oso ezagunak dira beren umoreagatik, lanerako etikagatik eta dialekto bereziagatik.