Cristina Tonettik Laboral Kutxa taldeari Tourreko podiumean eusten dio

0

LABORAL Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeak Frantziako Tourreko podiumean jarraitu du Cristina Tonetti Mendiko Sariaren lidergoan, asteartean ospaturiko bi etapen ostean.

Mendate puntuagarririk gabe, Tonettik aurreko egunean irabazi zuen mendiko maillota jantzi ahal izan du podiumean. Goizean, Laura Tomasi 18. izan da Dordrecht eta Rotterdam arteko 69,7 kilometroko bigarren etapako esprintean; Charlotte Kool (DSM) izan da azkarrena berriro ere. Arratsaldeko erlojupekoan, 6,3 kilometrokoa Rotterdam hirian, Usoa Ostolaza izan da txirrindulari morerik onena, 39″ galduta, eta Ane Santestebanek 51″ galdu du. Demi Vollering (SDW) nagusitu da eta líder berria da.

Cristina Tonetti: «Erraza izan da maillotari eustea, igoerarik ez zegoelako, baina oso hunkigarria izan da. Zalantzarik gabe, oso sentipen berezia da, jendartean ezagututa. Maillota irudikatzen duzu eta denek begiratzen zaituzte, argazkiak eskatzen dizkidate. Beti % 100 ematen dut eta horrela jarraituko dut datozen egunetan lidertza eta maillot berezi hau ahal dudan neurrian defendatzeko, bihartik aurrera zailagoa izango dela jakinda».

Lasterketak Belgika zeharkatuko du asteazkenean eta ibilbidea askoz bihurriagoa izango da, 122,7 kilometro Valkenburgetik Liejaraino, zortzi aldapa guztira, Cauberg, La Redoute eta Roche-aux-Faucons ospetsuak barne, azkena helmugatik 11 kilometrora.

Hurrengo etapak:

  • Abuztuak 14, asteazkena. 4. etapa: Valkenburg – Liège, 122,7 km. Irteera: 12:40 / Helmuga: 15:49-16:10
  • Abzutuak 15, osteguna. 5. etapa: Bastogne – Amnéville, 152,5 km. Irteera: 12:05 / Helmuga: 15:48-16:12
  • Abuztuak 16, ostirala. 6. etapa: Remiremont – Morteau, 159,2 km. Irteera: 11:40 / Helmuga: 15:45-16:13
  • Abuztuak 17, larunbata. 7. etapa: Champagnole – Le Grand-Bornand, 166,4 km. Irteera: 10:50 / Helmuga: 15:27-16:02
  • Abuztuak 18, igandea. 8. etapa: Le Grand-Bornand – Alpe d ‘Huez, 149,9 km. Irteera 14:00 / Helmuga: 18:38-19:27

Yurani Blanco, Usoa Ostolaza, Ane Santesteban, Debora Silvestri, Catalina Soto, Cristina Tonetti eta Laura Tomasi dira lehian diren zazpi txirrindulariak, Ion Lazkano eta Peio Goikoetxearen zuzendaritzapean.