Sasoikako laneko segurtasun-kanpaina

0

Euskadipreben 2025 Estrategia (Euskadiko Elikaduraren eta Zuraren Balio Katearen Segurtasun eta Osasunerako Estrategia Sektoriala), Eusko Jaurlaritzaren eta OSALANen baterako jarduera dugu, inplikatutako sektorearen eta erakundeen parte-hartzea duena. 2024an zehar, Euskadipreben 2025 Estrategiaren esparru horretan, sasoikako lanaren arloan laneko segurtasunaren arloko zabalkunde- eta sentsibilizazio-kanpaina bat egiten ari da, eta hilabete honetan, irailean, honetan oinarrituko da: patata, mahatsa eta sagarra biltzeko lanak, txakolina eta sagardoa egiteko lanak, eta upeltegietan tufoa izateko arriskua.

Horrela, 2024ko irailaren 9an, 9:30etik 12:00etara, jardunaldi bat egingo da Bizkaiko Txakolina jatorri-deiturak egoitzan (Leioa), sasoikako langileen eta upategiko langileen zereginetan dauden arriskuak aztertzeko. Jardunaldi horretan, OSALANek sasoikako lanaren eta tufoaren eraginpean egotearen laneko arriskuen prebentzioaren egoera azalduko du, eta eduki gehienak praktikoak izango dira hainbat enpresaren eskutik, tufo ondoriozko istripuak prebenitzeko erabil daitezkeen ekipoak azaltzeko (CO2 detektatzeko sistemak, aireztatzeko sistemak eta erreskate- eta ebakuazio-ekipoak).

Jardunaldia amaitzean, aurkeztutako ekipoak jendearen eskura egongo dira, probatzeko, funtzionamendua ezagutzeko eta enpresa merkaturatzaileen ordezkariekin zuzenean zalantzak argitzeko.

Jardunaldi hori bera errepikatuko da 2024ko irailaren 13an, 9:30etik 12:00etara, ULPIANO aretoan, Getariako anbulatorioko 1. solairuan (Balentziaga 14).

Jardunaldion helburua dugu txakolin-upeltegien eta sagardotegien arduradunek ezagutza hobetu ahal izatea, bilketa- eta elaborazio-denboraldian istripuak prebenitzeko. Era berean, sektorearekiko zuzeneko elkarreragina bilatzen da, enpresetan dauden beharrak jasotzeko eta profesionalen eta EUSKADIPREBEN estrategiaren arteko harreman-dinamikak sortzen saiatzeko, konponbidea behar duten laneko segurtasunaren gaietan lan egiteko.

Horiez gain, 2024ko irailaren 11n, 11:30etik 13:00etara, beste jardunaldi bat egingo da Guardiako Kuadrillan, sasoikako langileen zereginetan dauden arriskuak aztertzeko. Laneko Ikuskaritzak sasoikako lanaren lan-arriskuen prebentzioaren egoera azalduko du, eta, ondoren, UAGAk Araban egiten duten sasoikako lanaren kudeaketa-eredua aurkeztuko du. Jardunaldia amaitzean, publikoak zalantzak azaldu eta iritziak trukatu ahal izango ditu parte hartzen duten erakundeekin.