Mikel Torres Lehendakariordeak konpromisoa hartu du gizarte-eragileekin hitz egiteko legegintzaldiko 10 erronkari heltzeko

0

Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak adierazi du gizarte-eragileekin elkarrizketa-bideak irekita mantentzeko konpromisoa duela, legegintzaldiko erronka nagusiei aurre egiteko. Erronka horien artean nabarmendu ditu Enpleguari buruzko Legearen hedapena, lanaldiaren murrizketa, laneko ezbeharren aurkako borroka eta Gizarte Ekonomia sustatzea.

Mikel Torresek Euskadiko sindikatu- eta enpresa-eragile adierazgarrienekin aste honetan izandako topaketen balorazioa egin du, eta eskerrak eman dizkie «eremu soziolaboralean eta politikoan hausnarketak partekatzeko prestutasunagatik, Elkarrenganako Konfiantzazko Guneak sortzeko asmoz, modu anitzean eta parte-hartzailean lan egin ahal izateko, bai eta alde biko moduan ere, datozen 4 urteetan aurkeztuko zaizkigun erronkei proiektuak, hausnarketak eta konponbideak planteatzeko».

Horrela, adierazi du pozik dagoela “kezkatzen gaituzten alderdi nagusiei buruzko diagnostikoan ados egoteagatik. Izan ere, elkarrizketatik lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartu dugu, eta espero dezagun adostasunetik ere”.

Horretarako, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, adierazi duenez, gizarte-eragileekin landutako intereseko gaien dekalogo bat identifikatu du, eta horien artean nabarmendu ditu Enpleguaren Euskal Legearen garapena, Lan Harremanen Ereduaren berrikuntza, Laneko Ezbeharren aurkako borroka, Laneko Gatazken azterketa, talentua erakartzeko eta atxikitzeko beharra, lanaldiaren murrizketa eta Gizarte Ekonomiaren sustapena.

Lehendakariordeak azpimarratu du enpleguak bilakaera positiboa izan duela azken 4 urteetan, «langabezia-tasa murriztea, behin-behinekotasuna jaistea eta Gizarte Segurantzako afiliazioa handitzea lortu baita». Aurrerapen horiek, gehitu du, «baterako lorpentzat hartu behar dira, Gobernuek enpresak eta langileak babesteko ezarri dituzten politika publikoekin eta gizarte-eragileek enplegu hori sortzeko baldintzak hobetzeko egindako ahaleginarekin lotuta».

«Bide horretan sakontzen jarraitu behar dugu. Gure legegintzaldiko helburu nagusietako bat enplegu betea lortzea da, baina ez edozein enplegu, baizik eta kalitatezko enplegu inklusiboa, benetako aukera-berdintasunean eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean oinarritua, langileen eskubideak bermatuko dituena eta enpresen aukeretarako balioko duena, eta gizarte aurreratuago eta kohesionatuago bat eraikitzen lagunduko duena «, azpimarratu du.

Horretarako, funtsezkotzat jo du «ordezkaritza handieneko sindikatuekin eta enpresa-erakundeekin adostasunean sakontzea», eta balioztatu ditu «Elkarrizketa Sozialaren Mahaia eta abian dituen lantaldeak».