Bingen Zupiria Arabatik igaroko den Vuelta dela eta egin den Ertzaintzaren prestaketa-bileran izan da

0

Ertzaintzako 400 agentek baino gehiagok zainduko dute lasterketaren segurtasuna Gasteiztik irteten denetik Maeztun helmugaratu bitartean.

Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburua Arabatik igaroko den Vueltaren 18. etaparen aurreko Ertzaintzaren prestaketa-briefingean izan da gaur goizean. Etapa Gasteiztik abiatuko da Izkiko Parke Naturalerantz, Maeztun amaitzeko. Bilera horretan, zuzenean ezagutu du, Ertzaintzako Trafikoko Lurralde Unitateetako agenteekin batera, txirrindularitza-probaren garapen egokia eta txirrindularien eta zaleen segurtasuna bermatzeko abian jarriko den zaintza- eta laguntza-dispositiboaren programazioa.

Ertzaintzak unitate ezberdinetako 414 agente jarriko ditu, eta prebentzio-, prestaketa-, zaintza- eta kontrol-lanak egingo dituzte eragindako udalerrietako udaltzaingoekin eta larrialdietako zerbitzuekin lankidetza estuan, txirrindularitza-probaren laguntza/eskolta lana egiteaz gainera.

Dispositiboan, zehazki, parte hartuko dute Trafikoko Lurralde Unitateetako 75 agentek (65 motor-gidarik); Herritarren Babeseko 200 agentek, mozketa-puntuetan eta etaparen irteera eta iritsiera dispositiboan parte hartuko dutenek; laguntzako beste unitate batzuetako 120 agentek (Brigada Mugikorra, Zaintza eta Erreskate Unitatea, Txakur Unitatea, Lehergailuak Indargabetzeko Unitatea, Esku hartzeko Unitatea, Babeseko Unitatea…) eta koordinazio-mahaian lan egingo duten beste 19 agentek.

TRAFIKOAN ERAGINAK

Etapa 10:30 aldera hasiko da, txirrindularien ibilbide bera egingo duen publizitate-karabanaren irteerarekin. Txirrindulariek irteera neutralizatua egingo dute 13:05ean Mendizabalako azoka-esparrutik, eta, Gasteizko hainbat kale zehartuko dituzte. Irteera 13:20 aldera izango da Ibaiako gasolindegi zaharraren parean.  Gero Langraiz Oka, Añana, Bergonda, Fontecha, Zuñiga, Komunioi, Ribabellosa, Ribaguda, Zambrana, Ocio, Berganzo, Bastida, Elciego, Lapuebla de Labarca, Laguardia, Lagran, Villaverde, Villafria eta Bernedo zehartuko dituzte, eta lasterketa Maeztun amaituko da 17:20 aldera.

Errepideetako trafikoa eten egingo da 40 bat minutuan, eta, nolanahi ere, bandera berdeak eramango dituen Ertzaintzaren motozikleta igaro arte.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak herritarrei gomendatzen die joan-etorrietarako, ahal dela, garraio publikoa erabiltzea eta, gidatu behar izanez gero, ibilbide alternatiboak erabiltzea, denboraz ibiltzea eta Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarraibideei jaramon egitea. Era berean, gogorarazten da errepideen egoera 011 telefono-zenbakian, webgunean eta Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren X profilean kontsulta daitekeela.