Milioi bat euro LHren eta lan-bizitzaren arteko jauzia egiteko

0

Hezkuntza Sailak 999.538,88 euro bideratuko ditu Lanbide Heziketako ikasleek enpresetan egonaldiak egiteko

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak proposatuta, Lantokiko Prestakuntzako modulua (LP) egiten duten Lanbide Heziketako ikasleen enpresetako egonaldietarako beken deialdia egiteko agindua. Egonaldiak ikasturte honetako iraila eta martxoa bitartean egingo dira.

Deialdiari esker, ikasleek aukera izango dute LP modulua egin duen enpresan egonaldia beste hiru hilabetez luzatzeko, modulua amaitu ondoren eta ebaluatzen duten bitartean. Hau da, ikasleek udara arte jarraitzeko aukera izateko denbora-tartea estaliko dute.

Hezkuntza Sailak 479 laguntza emango ditu, eta onuradun bakoitzeko gehieneko zenbateko garbia 1.800 eurokoa izango da (600 euro hilean).  Onuradunak hilean jasoko dituen 600 euroez gainera, Gizarte Segurantzako Erregimenean alta ematea ere barne hartzen du laguntza horrek.

Beken % 20, hau da, 96 beka, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleentzat izango dira. Beken % 50 berriz, 239 beka, Erdi-mailako heziketa-zikloetako ikasleentzat eta gainerako % 30a, 144 beka, Goi-mailako heziketa-zikloetako ikasleentzat.

Prestakuntza praktikoa jasotzearen garrantzia

LHko ikasketa guztiek barne hartzen dute bigarren urtean Lantokiko Prestakuntza (LP) izeneko modulua.  Prestakuntza praktikoko fase bat da, enpresa-ingurune erreal batean egiten dena, eta, arau orokor gisa, ikasleek ikasten ari diren prestakuntza-zikloko modulu profesional guztiak gainditu ondoren egiten dute.

Deialdi honek gehienez hiru hilabetez luzatzen du enpresako egonaldia, eta helburua da LHko ikasleek euren gaitasun profesionalak hobetzea, bai teknikoak bai zeharkakoak, modu horretan haien enplegagarritasuna eta lan-merkaturako sarbidea ere hobetzeko, behin titulazioa lortzen dutenean.