Eusko Jaurlaritzak eta Finantza Entitateetako ordezkariek ETEKIN Ekonomia Topaketen ziklo berria aurkeztu dute. Topaketa hauen bidez ekonomia eta finantza gaien hausnarketa sustatu eta harremanetarako bilgune bat sortu nahi da. Lehen topaketa datorren asteko irailaren 25ean izango da eta bertan Ekonomia Ituna izango da hizpide.
Aurkezpenean, Hizkuntza Politika sailburuorde Aitor Aldasoro izan da eta berarekin batera zikloari buruzko informazioa eman dute Iratxe Sainz Rural Kutxako Bizkaiko eta Arabako departamentuko buruak eta Lander Rubio Caixabank-eko Ipar lurralde zuzendaritzako enpresetako zuzendariak. Nahiz eta hitzartzeetan parte ez hartu, prentsaurrekoan egon dira baita ere, finantza entitateek Eusko Jaurlaritzarekin duten hitzarmenean parte hartzen duten beste erakundeetako ordezkariak: Bankoa ABANCA, Finantzen Euskal Institutua, Kutxabank eta LABORAL Kutxa.
Aitor Aldasoro sailburuordeak entitateen eta Jaurlaritzaren ateko lankidetza azpimarratu du gizarteari ahalik eta zerbitzurik onena emateko. Bere hitzetan, euskaraz aritzea ere kalitatezko zerbitzua ematea da. ETEKIN Ekonomia Topaketa hauek badira lankidetza horren ondorio eta sailburuordeak eskertu nahi izan die egindako lana.
ETEKIN topaketak
Estreinekoz antolatu diren ETEKIN topaketek 2024an hiru saio izango dituzte. Saio bakoitzak ekonomia eta finantzekin zerikusia duen gai desberdin bat jorratuko du. Elkarrizketa formatua izango dute eta Esti Cosano kazetaria arituko da moderatzaile lanetan.
Topaketen antolaketari dagokionez, elkarlanean ari dira Eusko Jaurlaritza eta finantza entitateak, baina saio bakoitzaren koordinaziorako zereginetan bi finantza entitatek parte hartuko dute txandaka. Hala, Bankoa ABANCA eta LABORAL Kutxa dira Donostiako Aquariumak irailaren 25ean artatuko duen lehenengo saioaren koordinazio lanetan ari diren bi finantza entitateak, Eusko Jaurlaritzarekin batera.
Etekin Ekonomia Topaketen bigarren saioko koordinazioan berriz, FEI Finantzen Euskal Institutua eta Rural Kutxa ariko dira. Bigarren saio honek enpresen eraldaketarako funtsak aztertuko ditu Gasteizko Europa Jauregian urriaren 23an. “Banku finantziazioa, kooperatibak, funtsak, crowdfunding, bazkideen kapitala… Gaur egun mahai gainean dauden gaiak direla uste dugu eta horren inguruko adituak biltzea eta hausnarketa bultzatzea egokia dela uste dugu”, adierazi du Rural Kutxako Iratxe Sainz Arenzanak.
Azken saioa, berriz, Bilboko Itsas Museoan izango da azaroaren 20an eta trantsizio energetikoaren gaia jorratuko da. Azken saio honetako koordinazio lanetan ariko diren bi finantza entitateak CaixaBank eta Kutxabank izango dira. Hiru saioak euskaraz izango dira eta aldibereko itzulpen zerbitzua erabiltzeko aukera egongo da.
Donostiako saioa aurrez aurrekoa izango bada ere, Gasteizko eta Bilbokoak online ere jarraitzeko aukera egongo da EITBren streaming zerbitzuari esker.
Irailaren 25ean, Itun Ekonomikoa
Irailaren 25ean Donostiako Aquariumean egingo da Etekinen lehenengo saioa. Bertan Itziar Agirrek, Gipuzkoako Ogasun eta Finantza Foru diputatuak, eta Mikel Erkorekak, Eusko Jaurlaritzako Erakundeen Baliabideetarako zuzendariak, Ekonomia Ituna izango dute hizpide: nork bere aldetik, eta elkarrizketa gidatu baten baitan, Ekonomia Itunak gure enpresen ehundurarentzako eskaintzen dituen lehiakortasunerako gakoak aztertuko dituzte. Ondoren, gosari bat eskainiko zaie bertaratutako guztiei iritzi trukaketa sustatzeko eta sare profesionalak indartzeko.
Euskara sustatzeko hitzarmena
2007an Eusko Jaurlaritzak euskara sustatzeko lehen lankidetza hitzarmena sinatu zuen hiru aurrezki kutxekin. 2015ean, hainbat banketxeen konpromisoa jasotzen zuen hitzarmena gauzatu zen. 2022an, bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzeko eta entitateetan euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin hirugarren hitzarmen bat sinatu zuen Jaurlaritzak sei finantza-entitateekin. Azkenik, 2023an Finantzen Euskal Erakundea egitasmora batu zen. Akordio testuinguru horretatik jaio da ETEKIN, gaurkotasunezko ekonomia eta finantza gaiak euskaraz lantzeko bilgunea.