Finantzen Euskal Institutuak protagonismo handiagoa hartuko du bere gain, euskal enpresen errotzea indartuko duten finantzaketa-tresnak garatzeko

0

Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuaren iritziz, Finantzen Euskal Institutua “Euskadiren ekonomia- eta finantza-autogobernuaren oinarri sendoaren” adibide argia da. Aditzera eman duenez, legealdi honetan, erakunde horrek protagonismo handiagoa hartuko du finantzaketaren arloan, “hazkunde ekonomikoa eta enpresen errotzea indartu dadin”.

D’Anjouk Finantzen Euskal Institutuaren egungo eta etorkizuneko egitekoaren garrantzia nabarmendu du gaur, Deusto Business School-ek antolatutako XI. Finantza Jardunaldien itxiera-ekitaldian. Adierazi duenez, Institutu horrek “zenbait arlotarako finantzaketa-tresnak garatuko ditu, hala nola etxebizitzarako —bereziki gazteentzat—, lehen sektorerako, prestakuntzarako, kulturarako eta ekintzailetzarako».

“Finantzen Euskal Institutuan baliabideak gaituko ditugu, hala nola Finkatuz, interesgarriak izan daitezkeen eragiketak aztertu, eta herrialdearentzat estrategikoak diren sektoreetako enpresetan parte hartu ahal izan dezagun”, laburbildu du.

Ildo beretik, d’Anjouk gogorarazi du Finantzen Euskal Institutua BasqueFIK Euskadiko finantza- eta inbertsio-klusterraren Zuzendaritza Batzordeko kide dela, eta berretsi du “Eusko Jaurlaritzak eskua zabalik duela Euskadiko finantza-indarren batasunean laguntzeko, baliabide publikoak batu daitezen ekimen pribatuarekin eta finantza- eta inbertsio-gaitasuna erakusten duten eragileekin. Argi baitaukat guztiok beharrezkoak garela euskal finantza-estrategia funts subirano baten modura artikulatzeko garaian”.

Deustuko Unibertsitateko Paraninfoan egindako hitzaldian, bestalde, atzo Legebiltzarreko Batzordean egindako azalpenaren funtsa jaso du —bertan, sail horren XIII. legealdiko ekintza politikoa zuzenduko duten ildo nagusien berri eman zuen—, eta Ogasun eta Finantza Sailak, “Jaurlaritzaren barne-ikuspegiari dagokionez”, izan behar duen eginkizuna nabarmendu du, “gure zeharkako izaera dela eta, funtsezko eragile izango baikara areto honetan gauden guztioi hurbil-hurbiletik eragiten diguten bi esparrutan”.

Batetik, trakzio-indar gisa, eta foru-aldundiekin elkarlanean, “Euskadiko Ekonomia Itunak eskaintzen dizkigun aukerak ustiatzeko gai izan behar dugu, Euskadi mundu globalean lehiakorragoa izan dadin”.

Eta, bestetik, “finkatu ditugun helburuak lortzera begira, finantza-politikari behar duen pisua eman behar diogu”, betiere Europako testuinguruan “Euskadirentzat oso interesgarria den une batean. Nolakoak eta zer izan nahi dugun erabakitzeko garaia iritsi da. Zein ligatan lehiatu nahi dugun erabakitzeko garaia”.

Ogasun eta Finantzetako sailburuak, lan partekatuari keinu eginez eta jada egindakoa aitortuz, itxi ditu XI. Finantza Jardunaldiak: “Bide luzea egin dugu, eta horrek esperientzia eta irizpidea eman digu; baina, bide luzea geratzen zaigu oraindik, euskal lehiakortasuna begirada berritzaile eta sortzailearekin sendotzeko. Egin dezagun bidea elkarrekin, eta berrasma dezagun, guztiok eskutik helduta, euskal finantza-sektorea”.