Elkarlan sarien 10. ediziorako deialdia martxan da balio publikoa sustatzen duten proiektu berritzaileak saritzeko

0

Osasunarekin, ingurumenarekin, garapen ekonomikoarekin, ikaskuntzarekin eta kulturarekin, gizarte-kohesioarekin eta gobernantzarekin, kultura demokratikoarekin eta parte-hartzearekin lotutako proiektu berritzaileak aurkezteko epea zabalik dago jada, EHAAn argitaratu ondoren. Gaurtik hasita, eskabideak aurkezteko hilabeteko epea izango da.

Sariek aurkeztutako proiektuen izaera berritzailea, eredugarritasuna eta pertsonen eta kolektiboen ahalduntzea balioesten dituzte. Elkarlan sarien bidez, gainera,  partaidetza errazten eta eragile eta taldeek erabil ahal dituzten formulak jartzen dira beren eskura. Modu honetara, balio publikoa sortzeko irakaskuntza eta lankidetza sarea sendotu eta handitu nahi da.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak sustatutako ekimenak 9.000 euroko lau sari emango ditu. Prestazio ekonomikoaz gain, baloraziorik altuena jasotzen duten lau proiektuek kanpo-aholkularitza jasoko dute. Hautaketa Batzordeak bere balorazioa egitez gain, herritarrek Irekia webgunearen bidez parte hartzeko eta proiektuak bozkatzeko aukera ere izango dute, gehienez ere lau proiektu aukeratu ahal izango dituzte.Aurkeztutako proiektuak martxan edota garapen prozesu aurreratuan egon behar dute, eta lankidetzan oinarritutako partaidetza ikuspegia izan behar dute. Eskabidea esteka honen bidez egin daiteke, eta interesdunek hilabeteko epea dute eskabideak aurkezteko.

Hamargarren edizioa

Hamar edizioetan 267 proiektu aurkeztu dira, eta horietatik 28 proiektu saritu dira, besteak beste:  Argia Fundazioaren «Arte Komunitarioa», buruko gaixotasuna duten eta ez duten pertsonen kohesio soziala bultzatzeko; «Euskarabentura Espedizioa», gazteen artean euskara eta kultura sustatzeko; edo Asparbi Elkartearen (Parkinson Bizkaia Elkartea) proiektua, Parkinson gaixotasunaren eraginpeko familien kolektiboari errehabilitazio-terapiari jarraipena emateko whatsapp talde bat sortzeko, musikoterapiaren eta online ahots-terapiaren bidez.