Denis Itxaso: «Euskadiko etxebizitza eskasiaren arazoak konponbidea izango du udalekin akordioak lortzen baditugu eta baliabide gehiago bideratzen baditugu”

0

Eusko Legebiltzarrean egin duen lehenengo agerraldian, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, Euskadin etxebizitza eskuratzeko dagoen arazoari konponbidea emateko konpromisoa berretsi du. Sailburuaren arabera, “etxebizitzen eskasiaren eta prezio altuaren arazoa “erakundeen arteko, batez ere udalekin lortutako, akordioen bidez eta baliabide gehiago bideratuz” konpon daiteke. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren planak aurreko legealdiarekin alderatuta etxebizitza babestuen eskaintza % 40 handitzeko plan handinahiko bat barne hartzen du.

Helburu nagusietako bat da lurzoru publikoak eta pribatuak mobilizatzea alokairu babestuko 7.000 etxebizitza berri izateko, eta horien % 50 36 urtetik beherako gazteentzat izango dira.  Neurri hori Euskadiko Alderdi Sozialistaren eta Euzko Alderdi Jeltzalearen arteko gobernu-akordioko programaren parte da, eta helburua du alokairu sozialeko etxebizitzen parkea bikoiztea 2035ean 50.000 etxebizitza izatera iristeko, Euskadiko Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean aurreikusitakoaren arabera. Gainera, prozesua bizkortuko da udalerriek eremu tentsionatuak deklaratzeko aukera erabili ahal izan dezaten alokairuaren prezioei eusteko.  Zehazki, Euskadiko biztanleriaren % 68 bizi den 43 udalerritan erabili ahal izango da tresna hori.

Euskadiko lurraldeak eta hiriburuak: jarduketa aipagarriak

Araba

Gasteizen, Eusko Jaurlaritzak 960 etxebizitza babestu eraikitzea aurreikusi du Salburua auzoan, eta hiriko hainbat eremutan 62 etxebizitza birgaitzea. Jarduketa horiek dagoeneko abian dauden beste batzuei batuko zaizkie, Arabako hiriburuan etxebizitzaren esparruan gero eta handiagoa den presioa arintzeko. Denis Itxasok nabarmendu du Gasteizek abantaila argia duela Euskadiko beste eremu batzuekin alderatuta: lurzorua du erabilgarri, eta horrek datozen urteetan etxebizitza-proiektuak zabaltzeko aukera emango du.

Era berean, Udalarekin gaur egun indarrean dagoen hitzarmena zabaltzea ere aurreikusten da, hiriko etxebizitza-eskaerara egokituko diren sustapen berriak garatzeko. “Gasteizen etxebizitza babestuaren eskaintza handitzen jarraitzeko prestasuna eta baliabideak dauzkagu”, esan du sailburuak, eta “erabilgarri dagoen lurzorua behar bezala planifikatzeko” deia egin du egungo egoerak sortzen duen presioa arintzeko.

Bizkaia

Bilbon, egoera bereziki larria da, lurzoru gutxi dagoelako eta etengabe ari direlako igotzen alokairuaren prezioak. Errealitate hori arintzeko, “Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du 1.500 etxebizitza babestu baino gehiago garatzea Bizkaiko hiriburuan”, Itxasok jakitera eman duenez. Bilboko Udalarekin sinatutako lankidetza-akordioari esker, batez ere Otxarkoaga, Miribilla eta Bilbo Zaharra izango dira jarduera horien onuradun, alokairu babestuko eta alokairu sozialeko 104 etxebizitza programatu baitira dagoeneko bertan.

Bilboko funtsezko proiektuetako bat Zorrotzaurreko esku-hartzea izango da, “eremu estrategikoa” izanik, sailburuaren hitzetan, eta bertan “1.103 etxebizitza babestu eraikitzea espero da, eta horietako asko dagoeneko garapen- eta planifikazio-fase ezberdinetan daude”. Gainera, sailburuak jakitera eman du eremuan 57 zuzkidura-bizitoki lizitatu direla, Bilboren hiri-eraldaketaren aldeko apustu argiaren erakusgarri. Bestalde, Peñascalen 225 etxebizitza babestu garatuko dira, eta lehenengo 84 etxebizitzak laster lizitatzekoak dira.

Gipuzkoa

Donostian, etxebizitza eskuratzea da arazo larrienetako bat, eta Donostiako Udalarekin erakundeen arteko lankidetza oso hasierako fasean dagoen arren, Itxasok azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak hirian eta metropoli-eremuan etxebizitza babestuaren eskaintza ugaritzeko erabakia hartuta duela. Legegintzaldi honetan 260 zuzkidura-bizitoki eraikiko dira Loiolako Erriberan eta Morlansen, nahiz eta proiektu horiek une hauetan lurzoruak lagatzearekin lotutako arazoak dituzten, baina laster konpontzea espero da.

Donostiarako proiekturik handinahikoenetako bat Euskotrenen trenbide-zabaltza da, bertan 400-500 etxebizitza babestu inguru eraikitzea aurreikusten baita. Itxasok “proiektu horren garrantzi estrategikoa” aldeztu du. Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailarekin koordinatuko da, eta “lurzoru publiko horretan eraikitako etxebizitzen % 100 babestuak izango direla ziurtatuko dugu”, esan du.

Sailburuak berriz luzatu dio eskua Donostiako Udalari, eta lankidetza handiagoa eskatu dio “lurzoruak desblokeatzeko eta hirian eskuragarri dagoen eskaintzan benetako eragina izan dezaketen etxebizitza babestuen sustapen berriak egiteko”. Horretarako, Itxasok “Udalarekin lankidetzan aritzeko batzorde iraunkor bat sortzea” proposatu du, “aurrerapena monitorizatu eta plan horiek gauzatzea bizkortzeko, eta, modu horretan, premiaz erantzun ahal izateko Gipuzkoako hiriburuan gero eta handiagoa den prezio eskuragarriko etxebizitzaren eskaerari lehenbailehen erantzuteko”.

Alokairuko etxebizitzen parke publikoa handitzeko ekimenak alde batera utzita, Eusko Jaurlaritzak, legegintzaldi honetan, hiri-berroneratzeko bere eredua bultzatu nahi du, beharrik handiena duten auzoetan energia-efizientzia, irisgarritasuna eta bizigarritasuna hobetzeko helburuarekin. Horrela, sailburuak gogoratu duenez, “dagoeneko 25 auzotan ari gara lanean Opengela programarekin. Programa horrek auzo-bulegoak sortzea barne hartzen du birgaitze-proiektuetan aholku emateko eta proiektu horiek koordinatzeko, ziur baikaude lurralde-berroneratzeko ikuspegi hori funtsezkoa dela Euskadiko hirigintza-planetarako”. Estrategia horren bidez hiriak eraldatu eta klima-aldaketaren desafioetara egokitu nahi dira, ingurune inklusiboagoak, jasangarriagoak eta erresilienteagoak ahalbidetuz.

Erakundeen arteko lankidetza eta sektore pribatuaren eginkizuna

Denis Itxasok gogoratu du “etxebizitza pertsonen eta haien familien egonkortasunaren eta segurtasunaren oinarria” dela. “Gure bizitza sozialaren, emozionalaren eta ekonomikoaren ardatza da, eta bakean, segurtasunez eta duintasunez bizitzeko lekua izan behar luke”, esan du. Eta azpimarratu du etxebizitzaren arazoari irtenbidea ematea ez dagoela neurri bakarraren esku, baizik eta “konponbide egingarriak pragmatikoki bilatzearen esku, baina etxebizitzaren eskasia eta neurrigabeko prezioa gehien sufritzen dutenekiko sentsibilitatearekin”. Horregatik, “kogobernantza, araudiak aldatzea eta lankidetza publiko-pribatua funtsezkoak dira Euskadiko etxebizitzaren erronkari aurre egiteko”, erantsi du sailburuak.

Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren berehalako helburuen artean eraikuntzaren sektorea industrializatzea dago, horrek entrega-epeak murrizteko eta etxebizitza babestuen ekoizpena handitzeko aukera emango baitu. Eusko Jaurlaritza etxebizitza-formula berritzaileak ezartzeko ere ari da lanean, hala nola cohousing deitzen dena eta belaunaldien arteko bizitokiak, gizartearen behar berrietara egokitutako bizitoki-alternatibak eskaintzeko.

Eusko Legebiltzarrean egin duen lehenengo agerraldian, Denis Itxasok mezu baikorra helarazi du bere hitzaldia amaitzeko: “etxebizitzaren arazoak konponbidea du”, esan du, erakunde guztiei ahaleginak eta baliabideak batzeko deia egin aurretik, Euskadiko herritarrek etxebizitza duina baldintza eskuragarrietan eta segurtasunez eskuratu ahal izan dezaten.