Hezkuntzak sistema indartzeko apustua egingo du, kalitatezko Hezkuntza inklusiboa, hobekuntza eta berrikuntza sustatuko dituena

0
PRUEBA

Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean, 2024-2028ko gobernu-plan orokorrean jasotako jarduera-ildoak azaltzeko, Lucía Torrealday, Blanca Guerrero eta Jon Labaka sailburuordeekin batera. Pedrosak datozen urteetan garatuko diren eta baterako lanaren emaitza diren Hezkuntza Sailaren ildoak aurkeztu ditu. Euskal Hezkuntza Legeari ekarpenak egin dizkioten hezkuntza-komunitatearen eta eragile sozial, sindikal eta politikoen parte-hartzea ere nabarmendu du.

Hezkuntza “gizartearen aurrerabidearen sinonimo” dela premisatzat hartuta, hezkuntza-sistema gizarte-kohesioa eta -aurrerapena lortzeko kate-maila garrantzitsuenetako bat dela planteatu du. “Etorkizun-ikuspegia duen eta euskal gizarteak dituen erronkei aurre egingo dien hezkuntza-eredu propio baten aldeko apustua egingo dugu”, adierazi du. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren titularrak berretsi du kalitatezko sistema inklusiboa, ekitatiboa eta komunitatearen elkarlanean oinarritutakoa lortu behar dela. “Ikasle guztientzako hezkuntza-arrakasta uko egin ezin zaion apustua da”, esan du.

Pedrosa sailburuak hiru erronka nagusitan laburbildu du Hezkuntza Sailaren datozen urteetarako ekintza: Hezkuntzaren hobekuntza irakaskuntzaren hezkuntza-maila guztietan, Hezkuntza Legea eta 2022ko apirilean Legebiltzarrean onartutako Hezkuntza Akordioan jasotako 43 jarduerak erregelamendu bidez garatzea eta antolaketaren eta pedagogiaren beharrezko eraldaketa, etengabeko aldaketa soziodemografiko esanguratsuak gertatzen ari diren testuinguruan.

Agerraldian sailburuak azpimarratu du hezkuntza-ituneko konpromisoak adostasun politiko eta sozial zabal baten ondorio direla, eta beharrezkoa izango dela hezkuntza-komunitate osoak eta gizarte osoak parte hartzea “hezkuntzaren esparrutik heldu beharko zaien gaietan; segregazioa, berdintasuna, gizarte-kohesioa, digitalizazioa… erakundeen eta gizarte osoaren baterako lana eskatzen duten gaiak dira”, azaldu du Pedrosak.

Erreferentea eta kalitatezkoa 

Lehentasunezko ekimenen artean, sailburuak Euskal Eskola Publikoaren I. Plan Estrategikoa garatzea eta lau urterako plan estrategikoa sustatzea aipatu ditu.

Aipatutako beste lehentasunetako bat azpiegituretan “arrastoa utziko duen” inbertsioa izan da, “800 milioi inbertitu nahi ditugu datozen urteetan azpiegitura berrietan eta espazioak berriz formulatzen”, aurreratu du. Era berean, ikastetxe publikoen autonomia sakontzea, sistema osoan zuzendaritzen lidergo pedagogikoa indartzea eta eskola-jantokien funtzio pedagogikoa bultzatzea aurreikusten da.

Hezkuntzako sailburuak eskola-segregazioari heltzeko itun sozial bat garatu behar dela azpimarratu du. Era berean, lehentasunezko helburu gisa azpimarratu du elkarbizitzarako eta ongizate emozionalerako esparru integral bat bultzatzea ere.

Curriculuma eta ebaluazioa ezartzea

Bikaintasunezko hezkuntza-eredu bat lortzeko, Hezkuntza Sailak hobekuntza integraleko estrategia bat bultzatzea planteatzen du. Planteatzen den ekimenetako bat da irakasleei laguntzea irakaskuntzan duten eragina eta ebaluazio-eredu propio bat birpentsatzen. Sailburuak irakurriaren ulermena bultzatzeko estrategiaren berri ere eman du. Ikastetxeei prestakuntza eta aholkularitza eskaini nahi zaie, irakurketa-estrategia zehaztu, ezarri eta ebaluatu dezaten.  Pedrosak azaldu duenez, “irakurtzeko kultura sustatzea hezkuntza-aukera bat da”, eta jakitera eman du aurten E-librum proiektua ezarriko dela 20 ikastetxetan, hain zuzen ere, irakurketa sustatzeko.

Beste jarduera-arlo bat hezkuntza-sistemaren estrategia digitala indartzea izango da, eta adimen artifizialerantz zubiak eraikitzeko beharra ere azpimarratu du. Digitalizazio arduratsu eta segurua aipatu du. Hezkuntza-sistemaren eraldaketarekin lotutako alderdi horrek eta beste batzuek ezinbesteko egiten dute irakasleen prestakuntza-eredu propioa sustatzea, eta unibertsitateekin elkarlanean jarduteko beharra azpimarratu du. Alde horretatik, Pedrosak Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroaren eta Hezkuntza Inklusioa, Bizikidetza, eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroaren berri ere eman du.

Curriculumari dagokionez, Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutuaren sorrera ere aipatu du.  Beste berrikuntzetako bat hiru lurralde historikoetan Nazioarteko Batxilergoa sustatzea izango da.

Euskadiko Lanbide Heziketa nazioarteko erreferentea

Hezkuntza-sistemako ikasleei nahiz lanean ari diren edo langabezian dauden pertsonei erantzungo dien prestakuntza integratua lortzeko, Pedrosak jakitera eman du hasierako lanbide-heziketako plan bat garatuko dela, eskola-uztearen tasa baxuak mantentzeko helburuarekin. Era berean, ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak ziurtatzen dituen gaitasunak eskuratzeko ere balio izan behar du. Migratzaileak eta sektore zaurgarriak enpleguaren bidez integratzea da Hasierako Lanbide Heziketaren beste helburuetako bat.

Eraldaketa teknologikoak dakarren erronkaren aurrean aurrera egiten jarraitu beharraz ere hitz egin du sailburuak. “Teknologiaren aurrerapenak, automatizazioek, adimen artifizialak, robotikak, sistema adimendunek, komunikazioek eta konektagarritasunak aldatu egingo dute lan egiteko eta bizitzeko modua”, azaldu du, eta Euskadiko Lanbide Heziketak eginkizun garrantzitsua beteko duela ondorioztatu du.

Sailburuak aipatu du lan-ildo aipagarrietako bat etorkizuneko Lanbide Heziketaren Euskal Plana, 2030eko Lanbide Heziketako Euskal Plana diseinatzea izango dela. “Plan hori LHko euskal sistemaren hurrengo eraldaketa, 2030/2035era begira, gidatuko duen tresna izango da”. Alde horretatik, ziurtatu du Lanbide Heziketak beste ahalegin bat egin behar duela Euskadiko ekonomia eta lehiakortasuna oraindik ere gehiago indartzeko funtsezko tresna izan dadin.

Sailburuak LH Dualaz ere hitz egin du, ikasleen % 100 lantoki batean trebatu ahal izango dira etorkizunean, Euskadiko 20.000 enpresaren eta Euskadiko Lanbide Heziketaren arteko lankidetzari esker.  Irakasleen nazioarteratzea, garapena eta prestakuntza, euskara eta eleaniztasuna indartzearen garrantzia eta kultura ekintzailea sustatzea izan dira sailburuak nabarmendu dituen beste gai batzuk.