“Bi hamarkada Euskadiko migrazioari eta asiloari buruz hausnartzen” liburua aurkeztu du Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiak

0

Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiak, “Bi hamarkada Euskadiko migrazioari eta asiloari buruz hausnartzen” liburua aurkeztu du gaur, irailak 19, osteguna, Bizkaia Aretoan (Bilbo). Diziplinarteko liburua da, eta migrazio fenomenoari buruzko hausnarketa batzuk eskaintzen ditu, ikuspegi ezberdinak dituzten profesionalen hogei ikuspegiren bidez.

Honako hauek parte hartu dute liburuaren aurkezpen jardunaldiaren irekieran: Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua; Gorka Moreno, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea; eta Julia Shershneva, Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendaria.

Ekitaldian, sailburuak esan du beharrezkoa dela “Euskadi anitzagoaren, pluralagoaren, aldeko apustua egiten jarraitzea. Erakundeak eta Hirugarren Sektore Soziala elkarren alboan egongo diren Euskadiren aldeko apustua”. Zentzu horretan, Melgosak honakoen balioa nabarmendu du: “Ikuspegiren gisako espazioak eraiki izana; elkartzeko puntuak aktibatu izana, hala nola Migrazioaren Euskal Foroa; edo gizarteratze-programak martxan jarri izana, hala nola Babes Komunitarioa, Loturak edo Familia Lagunak. Era berean, familiaren eta gizartearen babesik ez duten gazteak lan-merkatuan sartu ahal izateko apustua, Trapezistak edo Urretxindorra Mentoretzaren gisako programen bidez; eta laguntza- eta aholkularitza-zerbitzuen eskaintza, hala nola Biltzen edo Aholku”.

Bestetik, Euskal Herriko Unibertsitateko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak nabarmendu duenez, “20 urte hauetan Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokia eragile giltzarria eta erreferentea izan da Euskadiko migrazio fenomenoa ezagutzeko eta dibulgatzeko. Hala, ikerketa eta transferentzia uztartzeko asmo argia erakutsi du. Euskadiko migrazioen gaineko ikerketa ezin da ulertu Ikuspegik egindako lana aintzat hartu gabe, eta hori harro egoteko modukoa da Euskal Herriko Unibertsitatearentzat”.

Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendariak, Julia Shershnevak, esan duenez, “oso garrantzitsua da migrazio fenomenoari buruzko ezagutza sistematizatzea eta hausnarketarako espazioak eskaintzea, hainbat arlo eta ikuspegitatik ekarpenak egin ahal izateko”.

Diziplinarteko aurkezpena

“Bi hamarkada Euskadiko migrazioari eta asiloari buruz hausnartzen” liburua aurkezteko, migrazioari buruzko jardunaldi bat egin dute goiz osoan zehar. Liburuan parte hartu duten hainbat pertsonak eta gaian adituak diren pertsonek parte hartu dute jardunaldian, eta Euskadiko migrazio fenomenoak azken hogei urteetan izan duen bilakaerari buruz zer ikuspegi duten azaldu dute, soziologian, historian, zuzenbidean, komunikazioan, gobernuz kanpo erakundeetan… oinarrituta.

Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiak Euskal Autonomia Erkidegoko migrazioari buruz argitaratzen duen laugarren liburu monografikoa da. Hala, erakundeak hainbat monografiko argitaratu ditu, hain justu Euskadiko atzerriko migrazioen historiako aldi garrantzitsuenei buruzkoak: atzerriko pertsonak iristen hasi ziren unea, 2004an; migrazio-fluxuen finkapena, 2010ean; eta krisi ekonomikoa, 2013an.

Shershnevak, Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendariak, azaldu duenez, “Ikuspegik Euskadiko immigrazioari buruzko lehenengo urtekaria argitaratu zuenean, euskal gizartean hasiberria zen fenomenoa, eta indarra hartzen hasia zen. Handik sei urtera, 2010ean, jatorri atzerritarra zuten biztanleen ehunekoa bikoiztu egin zen, eta jatorriak dibertsifikatu egin ziren. 2013an, krisi ekonomikoa Euskadira iritsi zenean, guztiz aldatu zen egoera. Batetik, kalte egin zion atzerriko pertsona askoren lan-munduratzeari eta gizarteratzeari, lanpostu asko suntsitu zirelako eta, horrekin batera, bizi-proiektuak; aldi berean, egoera horrek eten egin zituen Euskadiko migrazio-fluxuak, horiek oso lotuta zeudelako lan-aukerekin. Hain zuzen ere, aurrerago, 2014an, Euskadi atzerriko immigrazioa jasotzen hasi zenetik lehen aldiz, migrazio-saldo negatiboak erregistratu ziren”.

Shershnevak gehitu duenez, “2024an, hamar urte geroago, egoera ezberdina da: hainbat krisi gainditu ondoren —ekonomikoa, osasun arlokoa eta humanitarioa— eta hazkunde ekonomiko handiarekin bat etorriz, Euskadik berreskuratu egin du migratzaileen etorreraren erritmoa, eta krisiaren aurreko balioetara itzuli da. Aldaketa sozial, demografiko, ekonomiko, legal eta politiko ugariko bi hamarkada izan dira. Euskal gizartea ez da 2004ko berbera, eta ez da oraingo berdina izango hemendik hogei urtera. Hortaz, Euskadiko migrazioen historiako beste mugarri handi batean gaude. Une honetan oso garrantzitsua da atzera begiratzea eta bi hamarkada hauetako aldaketarik garrantzitsuenen gainean hausnartzea, baina, ere berean, garrantzitsua da oraina aztertzea eta, agian, etorkizunari buruzko aurreikuspenen bat egitea”.

Datuen txosten berria aurkeztu du Ikuspegik

Oroitzapenezko monografiko horrez gain, Behatokiak txosten berezi bat (“Panoramika”) aurkeztu du. Bertan, EAEko biztanleriak azken 20 urteetan izandako bilakaera erakusten du, modu grafikoan. Hala, migrazio fenomenoarekin lotutako aldaketarik garrantzitsuenen balantze bat eskaintzen du: datu soziodemografikoak, lan arloko datuak, desberdintasunaren adierazleak eta pertzepzioak.