Oriaren uholdeetatik babesteko lanak bukatu berri dira Beasaingo Ezkiaga auzoan: urtean 900.000 € murriztuko dira erasan-galerak batez beste aurrerantzean

0

Uraren Euskal Agentziak Oria ibaia uholdeetatik babesteko lanak amaitu ditu Beasaingo Ezkiaga auzoan, ibaiaren 300 metrotan zehar, CAFen parean dagoen ibai-tarte batean. Lan horien artean dira Oria ibaiaren ibilguaren gaineko bi zubi eratsi eta ordezkatzea, ibilguaren eta Jose Migel Iturrioz kalearen arteko lau eraikin eraistea, eta ibilguaren ezkerreko ertza atzeraraztea.

CAF lantegiaren eta Beasaingo udalerriaren garapena zuzenean baldintzatzen zuen soluzio hidraulikoa ezagutzeko egindako bisitan, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu zein URAko presidente Mikel Jauregik,  Beasaingo alkate Leire Artolak eta CAFeko kontseliari ordezkari Javier Martínez Ojinagak parte hartu dute. Bertan izan dira, halaber, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Josu Bilbao, eta URAko zuzendari nagusi Antonio Aiz ere, obraren xehetasunak emateko.

Mikel Jauregik azpimarratu duenez, «URAk egindako obra proiektu hidraulikoa baino askoz gehiago da, askoz haratago doa eta hirigintza eraldatzeko aukera bat ere bada». Sailburuak azpimarratu duenez, jarduerari esker «beasaindarren eta jarduera ekonomikoaren segurtasuna bermatzen da; segurtasun-maila nabarmen handitu dugu Beasaingo hirigunetik igarotzen den Oriaren ur-goraldiek eragindako uholde-arriskuaren aurrean». Jauregik «URAren, Beasaingo Udalaren eta CAFen arteko lankidetza eta ahalegin partekatua» eskertu du, «jarduera konplexu bati arrakastaz ekiteko aukera eman duelako».

Leire Artola alkateak nabarmendu du “Ezkiaga auzoarentzat aurrerapausoa izan dela, zalantzarik gabe pertsonak helburu dituen proiektua izan delako, herritarren eta auzotarren segurtasuna, ongizatea eta bizi kalitatea hobetu eta aukera berriak ahalbidetuko dituena. Espazio hau pertsonen beharretara egokitu da ibilbidea hobetuz ibaiertz guztian.  Honela bada, gune berritua aisialdirako erakargarriagoa bihurtu da, eta balio erantsia emango dio eremu zein auzo osoari. Datozen hilabeteetan, zuhaitzen landaketa eta ibaira hondakinak ez erortzeko zokaloa jartzea besterik ez dira falta”.

 

Lanak zenbakiz zenbaki

Obrei esker, 1.250 beasaindar baino gehiagoren etxebizitzak T100 uraldiak (alegia, 100 urteko errepikatze-denbora; hau da, 100 urtean behin gertatzeko probabilitatea duen uholdea) sortzen duen uholde-orbanaren eraginpean egoteari utzi diote, baita CAFen lantegiak eta inguruko 120 establezimendu edo jarduera ekonomiko baino gehiago ere.

Jarduketa 2024ko irailean amaitu da, eta 7,8 milioi euroko inbertsio publikoa behar izan da, BEZa barne. Horri esker, aurrerantzean, uholdeek eragindako kalteak gutxituko dira, batez beste 900.000 € urtean.

Beasainen egindako jarduketei esker, Oria ibaiaren T100eko ur-goraldien emariak ibilguan egotea lortzen da, eta, gainera, T500 uraldiaren ur-lamina 90 cm inguru jaitsarazten du, eta horrek kalte potentzialak nabarmen murriztuko lituzke.

Jardun den Beasaingo CAF eremuan, Beasaingo Uholde-arrisku Handiko Eremua aren (UAHE) kalte potentzialen % 70 biltzen zen, eta, beraz, eremuaren uholdeak eragin ditzakeen kalteen murrizketa oso nabarmena lortu da.

Lan horiek egiteko, erakundeen arteko lankidetza estua behar izan da. Alde batetik, URA-Uraren Euskal Agentziak eraikuntza-proiektu osoa aurkeztu du, eraikinak eraistea eta egin beharreko obra hidraulikoak barne. Obrak kontratatu eta gauzatzeaz, zuzendaritza fakultatiboaz eta horien finantzaketaz arduratu da (6.152.900 €).

Bestalde, Udalak CAFen lursailetan eta jabetzetan aurreikusitako obra hidraulikoen ondoriozko eraginak erregularizatzeko beharrezkoak diren hirigintza-dokumentuak onartu zituen (adibidez, eraikigarritasuna handitzea eraitsitako eraikinen galera konpentsatzeko behar diren baldintzetan), eta obren benetako kostuaren 1.630.000 € finantzatu zituen.

Azkenik, CAFek Uraren Euskal Agentziaren esku jarri zituen obrek ukitutako bere lurrak eta eraikinak, eta bulego berriak gaitzeko lanez arduratu da.

Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF 2021-2027) finantzaketa du.