Itzuli da ASTEKLIMA, Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astea, eta herritarrak sentsibilizatzeko ekintza onenak sarituko ditu

0

ASTEKLIMA, Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astea, 2024ko urriaren 18tik 27ra izango da hiru lurralde historikoetan, eta “Ekintza orok, txikia izan arren, badu bere garrantzia” goiburua izanda, euskal gizartea trantsizio energetiko eta klimatikoaren beharraz kontzientziatu eta mugiarazi nahi izango du. 2024ko edizio honetan berritasunak egongo dira, klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloan herritarrak sentsibilizatzeko eta arduraz jokatzeko ekintza onenak sarituko baitira

Aurreko urteetan bezala, ASTEKLIMAn herritarrentzako jarduera eta ekintza ugari egongo dira, haiek ekintzara bultzatzeko. Erakusketak, mahai-inguruak, tailerrak, antzerkia, zinema, haurrentzako jolasak, ipuin-kontalariak, bizikleta-martxak, hitzaldiak, bisita gidatuak, jardunaldi teknikoak… denetarik dago Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak EEEren (Energiaren Euskal Erakundea) eta Ihoberen (Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa) bidez antolatutako ekimen honetan.

ASTEKLIMA 2024-Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astearen parte izan nahi duten ekintza guztiek urriaren 4ra arte eman dezakete izena www.asteklima.eus web orrian.

 

Ekintza onenentzako sariak

ASTEKLIMA 2024k Euskadiko erakundeek klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloan herritarrak sentsibilizatzeko eta arduratzeko egiten duten ahalegina eskertu nahi du. Horretarako, tokiko erakunde publikoek, lehen eta bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako ikastetxeek, unibertsitateek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko (ZTBES) eragileek, irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta Euskadiko GKEek antolatutako jarduerak saritu egingo ditu.

Udal-esparruan, erakunde hauek parte hartu ahal izango dute: udalerriek, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeek, izaera lokala duten udalaz gaindiko erakundeek, tokiko merkataritza-sozietateek, garapen-agentziek eta tokiko erakunde autonomoek.

ASTEKLIMA 2024 sariak kategoria hauetan banatuko dira:

  • EAEko ekimen onena, bat lurralde historiko bakoitzeko
  • Eskualdeko ekimen onena
  • 000 biztanletik gorako udalerrietako ekimen onena
  • 000 eta 20.000 biztanle arteko udalerrietako ekimen onena
  • 000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietako ekimen onena
  • Ikastetxeetako eta lanbide-heziketako ekimen onena
  • Unibertsitateetako eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileen ekimen onena
  • Irabazi-asmorik gabeko erakundeetako ekimen onena

“EAEko ekimen onena” saria, bat lurralde historiko bakoitzeko, 5.000 eurokoa da. Gainerako kategorietan sari bat eta bi accesit eman ahal izango dira: 3.000 euro hautagaitza irabazlearentzat eta 1.500 euro accesit bakoitzarentzat.

 

Hautagaitzen aurkezpena eta epeak

Ekintza klimatikoari eta trantsizio energetikoari buruzko proposamenak herritarrei zuzenduta egon beharko dira, doakoak izan beharko dira eta 2024ko urriaren 18tik 27ra bitartean egin beharko dira. Hautagaitza guztiak, euskaraz edo gaztelaniaz, www.asteklima.eus webgunean dagoen formulario digitalaren bidez aurkeztuko dira soilik. Hautagaitzak aurkezteko epea 2024ko urriaren 4an, ostirala, amaituko da, 14:00etan.

Sari hauetan parte hartu ahal izango dute irabazi-asmorik gabeko eta egoitza Euskadin duten pertsona juridiko publiko edo pribatuek, baldin eta 2024a baino lehen eratu badira eta dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko legezko edo administrazioko eragozpenik ez badute. Sariak azaroan emango dira; ekitaldian, saritutako erakundeen jarduerak eta merezimenduak jendaurrean aurkeztuko dira.