Lanbide eta Bizkaiko Foru Aldundiak lau hitzarmen berri sinatu dituzte langabezian dauden pertsonak laneratzen laguntzeko

0

 Enplegagarritasun zaila duten kolektiboei zuzendutako birgaitze- eta birkokatze-proiektuak bultzatuko dira, hazteko ahalmena duten produkzio-sektoreetan sar daitezen errazteko

Gobernu Kontseiluak lau hitzarmen onartu ditu gaur, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta lurraldeko lau enpresa-elkartek sinatutakoak. Helburua da langabezian dauden pertsonentzako birbideratze-, birgaitze- eta birkokatze-proiektuak gauzatzea.

Hala, 2021ean hasitako lankidetza-ildoari jarraipena ematen zaio. Partekaturiko helburua izanda, bi administrazioek erabaki zuten ahaleginak eta baliabideak koordinatzea langabezian dauden pertsonen laneratzea errazteko, eta, horrela, eraginkortasun handiena lortzeko. Helburu berarekin, Lanbidek eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza honekin jarraitu nahi dute, eta epe honetarako lau hitzarmen sinatu dituzte Bizkaiko honako enpresa-elkarteekin: Euskadiko Ingurumen Industrien Kluster Elkartea – ACLIMA, Euskadiko Elikadura Enpresen Kluster Elkartea – BASQUE FOOD CLUSTER, BUILD:INN – Euskadiko Eraikuntzaren Kluster Elkartea eta Bizkaiko Metalgintzako Enpresen Federazioa.

Hitzarmen horien bidez, ezartzen da Lanbideren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta aipatutako lau enpresa-elkarteen arteko lankidetza-araubidea. Helburua da Bizkaiko Lurralde Historikoan enplegagarritasun zaila duten kolektiboetako langabeak birbideratzeko, birgaitzeko eta birkokatzeko proiektuak gauzatzea. Hori guztia hazteko ahalmena duten profil profesionaletan eta produkzio-sektoreetan sar daitezen errazteko.

Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak lagunduta, enpresa-elkarteek hainbat ekintzak osatutako proiektuak gauzatuko dituzte: komunikazioa, birgaitzea, birkokatzea eta eskaintzaren kudeaketa. Eskaintza horiek kudeatzeko, Lanbideren erakunde laguntzaile izan beharko dira FVEM, ACLIMA, BUILD:INN eta BASQUE FOOD CLUSTER enpresak, eta ezarritako jarraibideak errespetatu.

Lanbidek, gainera, Bizkaiko orientatzaile eta prospektore taldea eskainiko du elkarte horiekin lankidetzan aritzeko, eta bere eskaintzen kudeaketa sistemara sartzeko aukera ere emango die, haren erabileran behar bezala trebatuta. Bizkaiko Foru Aldundiak, bestalde, proiektuak kudeatu eta gainbegiratzeaz arduratuko da, eta enpresa-elkarte bakoitzari diru-laguntza zuzenak emango dizkio.

Hitzarmenak 2025eko apirilaren 16ra arte egongo dira indarrean, «haietan jasotako ekintzak garatzen diren bitartean». Horrez gain, akordio horiek balio dute honako ekimen bi lerrokatzeko: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak pertsonak eta enpresak kudeatzeko garatutako esku-hartze eredua (Hobetzen) eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako 3R-Enpresa Programa.