Melgosak aldarrikatu du beharrezkoa dela aukerak eta elkarrekiko onurak sortuko dituzten belaunaldien arteko politikak eta jarduerak bultzatzea

0

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak ‘Belaunaldien arteko ikuspegia gizarte-politiketan’ Behatuz Topaketan parte hartu du

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak gaur adierazi du orain gauden trantsizio sozial eta demografikoaren testuinguruan, gero eta gizarte anitzagoa izanik, baita adinari erreparatuta ere, beharrezkoa dela “belaunaldien arteko jarduerak bultzatzea”. “Funtsezkoa da aukera berriak eta elkarrekiko onurak sortzea, belaunaldi ezberdinetako pertsonen lankidetzatik eta arlo guztietan jarduerak sustatuz”, esan du.

Melgosak gaur goizean Behatuz Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokiak Gasteizen antolatu duen topaketan egin duen esku-hartzean egin ditu adierazpen horiek. Gizarte-politiketako belaunaldien arteko ikuspegiari buruzko topaketan izan dira, besteak beste, Krzystof Balon, Europako Ekonomia eta Gizarte Komitekoa, eta Mariano Sánchez, Granadako Unibertsitateko Belaunaldien arteko ikasketen Macrosad Katedraren zuzendaria.

Sailburuak adierazi duenez, trantsizio sozial eta demografikoaren testuinguruak indartu egiten du “bizitzako etapak luzatzeko eta etapa berriak edo azpietapak agertzeko joera, hala nola, pertsona gazte helduena edo adineko pertsona autonomoena, eta horiekin jada hasi gara politikak diseinatzen”. Aldaketa horiek, erantsi du, “giltzarri dira pertsonen bizi-proiektuak bultatzeko, bere dimentsio guztietan, eta bizitzan zehar eta adina alde batera utzita eskubideak gauzatzen direla ziurtatzeko”.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren ustez, belaunaldien arteko jarduerez gain, funtsezkoa da “bizitzan zeharreko politikak sustatzea, hala nola, zainketa-, osasun- edo ikaskuntza-politikak. Eta, horiekin batera, bizitzako etapa ezberdinetan oinarritutako politikak, jarraipen batekin, koherentziaz eta etapa-aldaketei arreta eskainiz garatutakoak”.

Hori guztia alde batera utzi gabe “politikak aukera-berdintasuna eta gizarte-kohesioa sustatzera bideratu behar direla, kontuan izanda, adinaz gainera, generoa, jatorria, ezintasuna edo beste desberdintasun-faktore batzuk”, aldarrikatu du.

Melgosa sailburuak adierazi du zuzentzen duen Sailetik belaunaldi ezberdinetako pertsonek parte hartzen duten jarduerak sustatzen direla, bai eta elkarren onerako diseinatutako jarduerak ere. Gainera, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak bizitzan zeharreko politikak ere sustatzen ditu, hala nola, “zainketa-politika eta xede diren pertsonen adinean oinarritutako politikak. Batzuek eta besteak zeharkako politikak dira”, azpimarratu du.

Zainketak, pertsonen bizitza autonomorako eta erabateko inklusiorako laguntza gisa ulertu behar direnak, haren ustez, “bizitzan zeharreko politikak ezartzeko beharra argien erakusten dutenak dira”. “Zainketetan bizitzan zeharreko ikuspegia hartzeak eskatzen du gizarte-zainketak jarraipen batekin diseinatzea, bizitzan zeharreko premien eta gaitasunen bilakaerara doituz eta, aldi berean, etapa guztietan autonomia eta autozaintza sustatuz. Horrez gainera, eskatzen du modu desberdinetan diseinatzea baldin eta pertsonek eta familiek denbora luze batean, batzuetan jaiotzatik, aurre egin behar izaten dieten egoerak badira. Edota komunitate- eta egoitza-ingurunera egokitzea”.

Melgosak belaunaldien arteko elkartasunarekin eta kohesioarekin zerikusia duten helburuak ere aipatu ditu. Izan ere, belaunaldien arteko jarduerez eta bizitzan zeharreko politikak sustatzeaz gainera, “politiketan belaunaldien arteko ikuspegia izatea herritarren eskubideak gauzatzearekin ere lotuta dago, adina eta etorkizuneko belaunaldien eskubideak aitortzea alde batera utzita”.  “Belaunaldien arteko ikuspegiak, beraz, elkartasun organikoaren dimentsioa du, gero eta handiagoa den, gero eta globalagoak, irekiagoak, askotarikoagoak eta konplexuagoak diren gizarteetan areagotu egiten den, interdependentzian oinarrituta, eta horrek sektore guztien konpromisoa eskatzen du”, azpimarratu du.