Turismoak eta merkataritzak Euskadiko Barne Produktu Gordinaren % 18a eta enpleguaren % 24a hartzen dute, 247.000 langile baino gehiagorekin.
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, gaur, aurkeztu ditu, Eusko Legebiltzarrean, bere sailak XIII. legealdi honetarako dituen ildo estrategikoak. Sailburuak honako konpromiso hauek hartu ditu: turismo jasangarria bultzatzen jarraitzea; kanpo-efektu negatiboei aurre egitea; merkataritzak behar duen eraldaketa sakona indartzea; eta, kontsumoaren arloan, pertsonen defentsa indartzea.
Turismoa
Sailburuak aztertu duenez, «azken hamarkada honetan Euskadik turismoaren arloan zituen egitekoak bete ditu, bai erregulazioaren ikuspegitik, bai jasangarritasun-ereduaren aldeko apustuaren, lehiakortasuna sustatzearen eta turismo-etika txertatzearen ikuspegitik. Ez gara, ordea, konplazentzian eroriko, turismoak kanpo-efektu positiboak eta negatiboak baititu, gainerako industriek eta sektoreek bezalaxe. Legealdi honetako helburua da kanpo-efektu positiboak indartzea eta kanpo-efektu negatiboak borrokatzea”.
Horretarako, 3 tresna arautzaile zabalduko dira: Turismo Lege berria garatuko da; Turismo Baliabideen Lurralde Plan Sektoriala onartuko da; eta turismo-egonaldietarako tributua sustatuko da.
- Turismo Lege berria
Turismo Lege berria behar-beharrezkoa da, premia berrietara egokitu behar baita, hala nola turismo-jasangarritasunaren gaineko kontzientziaziora, Turismoaren Kode Etikoa edo Turismo Adimena barne hartuz.
Lege berri horrek onartu berri diren araudietara egokitu beharko du, hala nola 2023ko Iraupen Laburreko Alokairuen Europako Araudira. Izan ere, Euskadik modu proaktiboan lagundu du araudi horren garapenean, eta araudiak zuzenean eragina du turismo-erabilerako etxebizitzen eta logelen kontrolean. Araudi berriak etxebizitzak eta plataformak hobeto kontrolatzea ahalbidetuko du, azkenean haien datuak administrazio eskudunekin parteka ditzaten.
“Fenomeno globala da, herrialde, eskualde eta hiri askotan eragina duena. Hortaz, administrazio guztiak gaude inplikatuta. Euskadin, turismo-erabilerako etxebizitzak kontrolatzeko lan handia egin dugu, eta ehuneko txikia dira, etxebizitza guztien % 0,4 besterik ez, Estatuko batezbestekoaren oso azpitik. Nolanahi ere, oso argi dugu beste turismo-ostatu batzuez bestelakoak direla. Ez dugu nahi bizitegi gisa erabiltzen diren etxebizitza-eraikinak turismo-eraikin bihurtzea. Etxebizitza eskubide bat denez gero, herritarrekin zuzenean bizi den jarduera bat kontrolatzen jarraituko dugu”.
Ildo horretan, sailburuak udalen eginkizuna nabarmendu du. “Irmotasunez defendatzen dugu udal-autonomia. Udalek ondo ezagutzen dute beren errealitatea, eta beren esku dituzte arautzeko, ikuskatzeko eta zigortzeko eskumenak. Guk haien erabakiak errespetatuko ditugu”.
- Turismo Baliabideen Lurralde Plan Sektoriala
Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzarekin koordinatuta garatzen ari den Lurralde Plan Sektorial horrek lurralde-kohesioaren eredua birdefinituko du. Analisirako, ebaluaziorako eta garapenerako asmo handiko eta zeharkako plana da, epe luzera turismo jasangarriaren eredua finkatuko duen turismo-ekosistema osatuko duena. Gainera, plan hori turismo-erabilerako etxebizitzak kontrolatzeko tresna ere izan daiteke, betiere udal-autonomia errespetatuz.
- Turismo-egonaldietarako tributua.
“Legealdi honetan, turismo-egonaldietarako tributuak ezartzeko baldintzak betetzen dira” azaldu du sailburuak. “Sailak helburu argia du. Bidezkoa da Euskadira gozatzera etortzen denak ere Euskadiren hobekuntzari ekarpena egitea. Horregatik, 6 hilabeteko epean Ogasun eta Finantza Sailarekin eta gainerako erakundeekin adostutako proposamen bat aurkezteko konpromisoa hartzen dut”.
Turismo-egonaldietarako tributuaren helburua ez da turista gutxiago etortzea, baizik eta Euskadi turismo-helmuga gisa hobetzea, eta, horretarako, udalerrietan eta herritarren bizi-kalitatean eragina izango duten turismo-politikak indartzea.
Merkataritza
Merkataritzaren arloko sektoreak 3 trantsizio barne hartzen dituen testuinguru batean egin behar die aurre erronkei: ingurumen-trantsizioa, trantsizio soziodemografikoa eta trantsizio digitala.
- Euskadiko Merkataritza Estrategiak ondorio argiak eman ditu. Garrantzitsuena lidergo publikoa indartzeko premia “Administrazio publiko gisa, gai izan behar dugu merkataritza-zuzendaritzaren barruan dugun indar teknikoa eta gaitasuna handitzeko”.
- Bigarren, espezializazio adimentsuaren bidez, sistema optimizatzeko lan egingo da. Hori merkataritza-berrikuntzako hub-ean islatzen da, ekintzaileak, ingeniaritzak, erakundeak eta garapen-sozietateak konektatuko dituen ekosistema sortze aldera.
- Hirugarren, Euskadiko merkataritzaren esparru arautzaile espezifikoa eta eguneratua beharko da. “Merkataritza elektronikoaren, digitalizazioaren eta jasangarritasunaren gorakadaren aurreko esparru arautzailea dugu. Epe luzeko lanari ekin behar zaio, kontsumo-ohituren aldaketetara egokituko den eta Espainiako eta Europako araudi berriekin bat etorriko den legea taxutzeko”.
- Laugarren, “gure programa eta laguntza guztiak ebaluatu eta optimizatu behar ditugu. Hala nola Merkataritza Bulego Teknikoentzako Laguntza Programa, hain zuzen Merkasaretza – Merkataritza Laguntzako Puntuen Euskal Sarea izeneko proiektu berrian gauzatuko duguna. Gainera, belaunaldien arteko erreleboari eta enpleguaren sorrerari begira, merkataritza-ekintzailetzarako beste laguntza-programa bat prestatzen ari gara. Programa horrek laguntza ekonomikoak eta aholkularitza tekniko espezializatua barne hartuko ditu”.
“Merkataritzaren egoerari kaletik bertatik egin behar diogu aurre. Izan ere, kontsumitzaileak kontzientziatu behar ditugu erosketak egin ditzaten zergak hemen ordaintzen dituzten negozioetan. Eta administrazioen lidergo publikoa indartu behar dugu, laguntza-programen, politika publikoen eta arauzko esparruaren bidez”.
Kontsumoa
Aurreko legealdian, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutu berria garatu zen, eta horri esker, Kontsumobidek zenbait eremutan betetzen duen papera indartzen jarraituko du.
- Lehenik, kontsumitzaileen eskubideak indartuko dira, arau-esparru egokia sortzeari esker.
- Bigarren, Kontsumobidek enpresen errespetuzko jokabideak bultzatuko ditu. Gainera, “Kontsumobide erne izango da, eta Estatutu berrian erreklamazioak eta zigorrak argitara emateko ezarritakoa baliatuko du”.
- Hirugarren, Kontsumobidek bere prestakuntza ekintzak indartzen jarraituko du, “funtsezkoak baitira eraiki nahi dugun gizartera bidean aurrera egiteko”.
- Laugarren, “kontsumitzaileen elkarteekin eta beste erakunde batzuekin harremanak sendotzen jarraitu behar dugu, adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusiarekin”.