Datorren asteazkenean, urriaren 2an, bilera bat egingo dute Maria Ubarretxenak, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak, eta Arcadi Españak, Espainiako Gobernuko Estatu idazkariak, eta urria amaitu baino lehen, lehen aldiz, Aldebiko Lankidetza Batzordea egingo da.
Gaurko Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Imanol Pradales lehendakariak eta Pedro Sánchez Espainiako presidenteak joan den ostiralean, hilak 20, Moncloan egindako lan-bileran hartutako erabakiak izan dira hizpide.
Maria Ubarretxena Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, bi gobernuen arteko bilera horretan, urriaren amaieran, Aldebiko Lankidetza Batzordea egitea erabaki zen. Lehendakaria bera eta Espainiako presidentea izango dira batzordeburu, eta eskumenen eskualdaketa gainbegiratzeko eta bi aldeei eragiten dieten alde bakarreko gaiak lantzeko balioko du.
Aldebiko harremanetan eta eskumenen eskualdatzean aurrera egiten jarraitzeko asmoz, asteazkenean, urriak 2, Maria Ubarretxena sailburua Lurralde Politikako Estatu idazkaria Arcadi Españarekin bilduko da, eta urria amaitu baino lehen Aldebiko Lankidetza Batzordea egingo da.
Ubarretxena sailburuak azaldu duenez, datorren asteko lan-bileran lehendakariak jadanik aurreratu duen eskualdatzeen kronograma eta Aldebiko Batzordean aztertu beharreko gaien zerrenda aztertuko dituzte.
Proposamen aurreratuagoak
Espainiako Gobernuak dagoeneko Jaurlaritzaren proposamen bat du mahai gainean, 6 eskumen eskualdatzeari buruz. Eskumen horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa, atzerritarren lanerako hasierako baimenak, itsas salbamendua edo meteorologia.
Eusko Jaurlaritza dagoeneko lanean ari da gainerako eskumenetan, eta horien artean dago Gizarte Segurantza, bere konplexutasunagatik. Aurreratuen dauden eskumenak itxi ondoren, bigarren eskumen-sorta bati ekiteko asmoa dute. Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketari dagokionez, sailburuak aurreratu du urtea amaitu aurretik lehen proposamen bat aurkeztea dutela helburu. Ubarretxenak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak eskualdatze horri buruz duen hasierako datua 12.000 milioikoa da; kopuru hau da Estatuak Euskadiko pentsioei urtebetez heltzeko duen esleipena. Nolanahi ere, zehaztu du beste gai batzuk ere baloratu behar direla, hasierako datu bat baino ez dela eta beste faktore batzuk gehituko zaizkiola.
Azkenik, sailburuak eskualdatzeetan aurrera egiteko konpromisoa berretsi du, eskumen batzuen konplexutasunetik harago, eskumen guztien eskualdaketa 2025. urtea amaitu baino lehen osatzeko, adostuta dagoen bezala.