Eusko Jaurlaritzak Pariseko Local Authorities Day goi-bileran parte hartu du, bere finantzaketa-politika partzekatzeko

0

Eusko Jaurlaritzak Pariseko Local Authorities Day nazioarteko finantzako goi-bileran parte hartu du gaur. Goi-bilera horretan, Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa-politika partekatu du, hain zuzen Euskadi Bonu Jasangarriaren ibilbidean eta politika publikoetarako finantzaketa jasangarria lortzearen aldeko apustuan oinarritzen den politika. 2018an eman zitzaion hasiera prozesuari eta, zortzi jaulkipenen ondoren, 2024an 5.000M€ lortu ditu.

Ildo horretan, Arantza Larrauri Finantza Politikako zuzendariak emisio horien nazioarteko izaera nabarmendu du, agentzia nagusien kalifikazioek ematen duten babesak sustatuta, hein handi batean bederen. “Kreditu-agentzien arabera, gure rating-a Estatuko rating-aren bi puntu gainetik dago. Gure ustez, kalifikazio horiek gure finantzaketa-sistema berezian oinarritzen dira, baita gure ekonomiaren sendotasunean ere. Izatez, langabezia txikiaren eta barne-produktu gordin per capita handiagoaren emaitzazkoa da”, adierazi du Berlingo Landerreko eta Île-de-France eskualdeko ordezkariekin batera egindako mahainguru batean.

Larraurik bere hitzaldia baliatu du Eusko Jaurlaritzak bonu jasangarrien merkatuaren garapenean zeregin garrantzitsua betetzeko asmo irmoarekin jarraitzen duela adierazteko, “nahiz eta, jakina, dena unean uneko merkatuaren baldintzen mende egongo den», adierazi du. Horren guztiaren helburua da finantzaketa arduratsua eta efizientea sustatzea, sortzen diren ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-erronkei aurre egin dakien.

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren kontu publikoen sendotasuna azpimarratu du, batik bat Espainiako Konstituzioak eta Europako erakundeek aitortutako Euskadiko Ekonomia Itunaren berezitasuna oinarri hartuta.

“Biltzen ditugun zergekin gure eskumenak finantzatzen ditugu eta Kupoaren bidez finantzatzen ditugu Euskadik bere gain hartu ez dituen Estatuaren eskumenak”, eta, adierazi duenez, “Euskadiren zorra Estatuaren zorraren erregulazio beraren mende dago”. Foro horretan, Larraurik Euskadiren zenbait adierazle nabarmendu ditu, hala nola Nazio Batuen arabera Euskadi Giza Garapenaren Indizean munduko lehen 14 herrialdeen artean kokatzen duena.