Nagusilan elkarteak «Dei Solidarioen Maratoia – Zilarrezko Haria» ekimena ospatuko du, 12 orduz, etenik gabe, bakardade egoeran aurkitzen diren pertsonei deiak eginez

0

Nagusilanek, adineko boluntarioen irabazi asmorik gabeko elkarteak, « Dei Solidarioen Maratoia – Zilarrezko Haria»  ekimena aurkezten du. Ekitaldi sozial eta solidarioa, gure gizartean adineko askok egunero bizi duten arazo handia, isila, ikusarazi nahi duena.

Zilarrezko Haria 2000. urtetik ari da bakardadean bizi diren adineko pertsonei laguntzen. Ekitaldi honen bidez, herritarrak kontzientziatu nahi dira, behar hori duten pertsona gehiagorengana iritsi eta haien egoera emozionala hobetzen lagunduz.

24 urteko ibilbidean, Zilarrezko Haria zerbitzuko boluntarioek 360.000 dei egin dituzte eta 144.000 boluntariotza-ordu eskaini. Zerbitzuak, gainera, eraldaketa bat izan du COVID-19aren pandemiaren ondorioz, boluntariotza presentziala eten eta bulegoko call centerretik deiak egiteko aukera debekatu zenean. Egoera horrek, Zilarrezko Haria Mugikor Aplikazioaren sorkuntza bultzatu baitzuen. Aplikazioari esker, doako telefono bidezko laguntza-deiak egin daitezke edozein leku geografikotatik edozein ordutan, betiere Datuak Babesteko Lege Ofiziala betez.

DEI SOLIDARIOEN MARATOIA ekitaldiaren aurkezpena

Donostiako Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak hiriko udaletxean elkartu dira gaur, Nagusilaneko boluntario talde handi batekin batera, datorren urriaren 3an, osteguna, Miramar Jauregiko musika aretoan ospatuko den «Dei Solidarioen Maratoia – Zilarrezko Haria» ekitaldia aurkezteko.

«Adinekoen arreta da egungo garapen demografikoak planteatzen digun erronka nagusietako bat. Gure biztanleria zahartzen ari da, eta gaur egungo gizartearen bizi-erritmoak egiten du,  zoritxarrez, nahi ez den bakardadea prozesu horren parte izatea; horregatik, garrantzitsua da gure adinekoei laguntzea eta egoera hori ikusaraztea. Nagusilaneko maratoiak, hain zuzen ere, gai honetan arreta deitzeko balio du, eta testuinguru honetan daudenei horrelako zerbitzu garrantzitsu bat eskura daukatela gogorarazten die ere».

Goiak gaineratu duenez, «Donostiako Udaletik badakigu zenbat eskertzen duten bakarrik sentitzen diren adinekoek dei bat, entzuten dien eta haiekiko interesa duen norbaiten hurbilketa. Pandemian zehar martxan jarri genuen Lagunkate ekimenarekin egiaztatu ahal izan genuen hori. Ekimen horri esker, 23.000 dei baino gehiago egin ziren, eta, horiei esker, 65 urtetik gorako pertsonekin 1.500 ordu baino gehiagoko elkarrizketak sortu ziren».

Bestalde, Maite Peñak, Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak azaldu duen moduan, aukeratu gabeko bakardadeei erantzuna emateak lehentasuna du, zalantzarik gabe,  Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat: “horregatik, gaur aurkeztera gatozen «Dei Solidarioen Maratoia» bezalako ekimenak ezinbestekoak dira.  Maratoiak iraungo duen 12 orduetan aukeratu gabeko bakardadea bizi duten pertsona askok dei bat jasoko dute. Eta tarte batez, ez dira hain bakarrik sentituko. Halako ekimenak,  programa zabal batez osatuak, funtsezkoak dira gure gizartean ezkutuan dagoen errealitate bat ikusarazteko, herritarrak sentsibilizatzeko: aukeratu gabe, bakarrik sentitzen diren pertsonak erdigunean jartzeko”. Hala, Peñak azpimarratu du Foru Aldundian lanean ari direla, aukeratu gabeko bakardadeari erantzuna emateko: “lanean ari gara aukeratu gabeko bakardadeari erantzuna emateko. Eta bide horretan abiarazi genuen Hariak estrategia. Duela bi urte martxan jarri zenetik, 4.500 gipuzkoarrek baino gehiagok parte hartu dute ekimen honetan, eta Gipuzkoa lurralde aitzindari bihurtu da harremanak sortzerako orduan.”

Jarraian, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Marian Olabarrietak honako hau adierazi du: «Badakizue gure gobernu-ekintza, beste arlo batzuetan bezala, lankidetza publiko-sozialetik lan egitea dela. Euskal Autonomia Erkidegoan ezinbesteko erakundeak ditugu, hala nola Nagusilan. » Eta gaineratu duenez, «Eustatek esaten digu, iazko uztailean, 65 urte edo gehiagoko biztanleak 524.000 zirela, EAE osoko biztanleriaren ia % 24.»

Olabarrietak zehaztu duenez, «hasi berri dugun legegintzaldi honetan Jaurlaritzak Bakardadearen aurkako Euskal Estrategia bultzatuko du. Komunitate osoa inplikatu gaitezke horretan, Nagusilanek 2000. urteaz geroztik bere Zilarrezko Hariarekin egiten duen bezala. Eusko Jaurlaritzatik bat egiten dugu datorren osteguneko dei solidarioen maratoiarekin, eta herritar guztiak gonbidatzen ditugu aurreikusitako jarduera ugarietan parte hartzera. «

Urriak 3ko egitaraua

12 orduz, 9:00etatik 21:00etara, «Zilarrezko Haria» doako telefono-zerbitzuaren bidez deiak egingo zaizkie bakardadean dauden pertsonei. Bitartean, areto berean, Nagusilaneko boluntarioek jarduera-programa zabala burutuko dute, eta erakunde eta elkarte laguntzaileen ordezkarien laguntza izango dute.” Azaldu du Joserra Ecenarrok, Nagusilaneko Presidenteak.

Jarraian, ekitaldian garatuko diren ekintzak zehaztu ditu. “Goizeko 9etan ateak irekiko dira eta Dei Solidarioen Maratoia – Zilarrezko Haria ekitaldiari hasiera emango zaio. Ordubete geroago, 10:00etan, hasiko da ekitaldi instituzionala, eta bertan izango dira Eneko Goia Donostiako alkatea, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Maite Peña Gizarte Politiketako diputatua, Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordea eta Adinberri, Kutxa Fundazioa, Ausolan eta Real Sociedad Fundazioko ordezkariak.”

Goizean zehar, Hondarribiko San Gabriel egoitzako erabiltzaileek euren testigantzak kontatuko dituzte, Goyeneche Fundazioak «Coro de Colores» ekimena aurkeztuko du eta Nagusilan Arabako boluntarioek garatzen dituzten jarduerak erakutsiko dituzte. 12:50ean, Adinberrik HARIAK estrategiaren gakoak erakusteko gune bat izango du.

Arratsaldean, Matia Fundazioak hartuko du lekukoa, IZA egoitzan egiten den Poesía Visual ekimenaren erakusketarekin. Ondoren, ordubetez, Real Sociedad Fundazioaren lankidetzari esker, txikienek tailerrak eta jolasak egin ahal izango dituzte, eta nagusiek kontakizun laburren irakurketa entzun ahal izango dute Walking taldeko kideen aldetik.

17:30ean, José Félix Martí Massó UPV/EHUko neurologiako katedradun emeritu eta Nagusilaneko kideak «La soledad: un factor de riesgo importante para la salud» izeneko hitzaldia aurkeztuko du. Nagusilan Legazpiren «Legazpi Loratzen» belaunaldien arteko proiektua eta Nagusilan Bizkaiaren ekimenen aurkezpena ezagutzeko aukera ere izango da.

Zilarrezko Haria Tailerrak

Zilarrezko Haria zerbitzua eta aplikazioa sakon ezagutu nahi duten guztiek, 15 minutuko iraupena izango duten 13:15ean eta 17:45ean egingo diren tailerretara joateko aukera izango dute. Halaber, egunean zehar, jarduera horri buruzko kontsultei erantzungo zaie.

Kanpoko jarduerak

Ordu eta erdiz, goizez eta arratsaldez, “Bizikletan Adinik Ez” elkarteko kideek, Real Sociedad Fundazioaren laguntzarekin, Kontxako pasealekutik ordu erdiko paseoak eskainiko dituzte bizikleta berezietan.

Era berean, Onda Ceroko «Más De Uno Gipuzkoa» saio berezia eskainiko da Miramar Jauregiko iparraldeko terrazatik, ZILARREZKO HARIA zerbitzua sakon ezagutzeko.

Animazio-jarduerak

Gaur egun, Nagusilanen musika animazioko hogei talde inguru dabiltza Euskadi osoko eguneko zentroetan, ospitaleetan eta egoitzetan jendea animatuz. Eguna musikalki dinamizatzeaz arduratuko dira. 20:00etatik 21:00etara, festari amaiera emateko, Musikeneko CincoMinutos bandak joko du.

Ekitaldi irekia eta parte-hartzailea

Ecenarrok berariazko gonbidapena egin du “Ekitaldia herritar guztientzat zabalik dago. Bertaratzen direnek doako telefono zerbitzuaren bidez dei bat egiteko esperientzia bizi ahal izango dute, Nagusilan eta «Zilarrezko Haria» zerbitzua zer den jakiteko.”

Gainera, ekitaldian kultura, kirol eta gizarte arloko pertsona ezagunek parte hartuko dute, Nagusilaneko boluntarioekin batera dei solidarioak eginez.