Denis Itxasok jakitera eman du Errenteria izango dela eremu tentsionatu izendatuko den Euskadiko lehenengo udalerria

0
PRUEBA
  • Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak gaur goizean ETB1eko Egun On Euskadin egindako elkarrizketan azaldu duenez, dauden neurriek nabarmen arindu dezakete etxebizitza eskuratzeko zailtasuna
  • Denis Itxasok eskerrak eman dizkio Errenteriari Errenteriaren alde “egindako lan bikainarengatik”, eta Galdakaok, Zumaiak eta Lasarte-Oriak norabide berean emandako urratsa balioetsi du

“Jabetzen naiz Euskadin arazo handia dagoela etxebizitzaren arloan, baina sailean baikorrak gara eta uste dugu baduela konponbidea”, adierazi du gaur goizean Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak. ETB1eko Egun On Euskadin egindako elkarrizketan, Itxasok azaldu du arazoa areagotu egin dela aldaketa demografikoek eta bizitza bakarreko etxeen igoera geometrikoak eraginda, “eta horrek eskatzen du herritarren eskura bizitegi gehiago jartzea” esan du.

Alde horretatik, sailburuak aitortu du “etxe gehiago behar ditugu”, baina, aldi berean, azpimarratu du dauden neurriak “asko eta nahikoa” direla jende askoren, batez ere gazteen eta sektore zaurgarrien, kezka nagusia bihurtu dena arintzen saiatzeko. “Errentaren % 40 alokairura bideratzea gehiegi da”, aitortu du.

Errenteria asteazken honetan eremu tentsionatu izendatuko dela eta, modu horretan, hori lortzen duen lehenengo udalerria izango dela jakitera eman ondoren, Itxasok Gipuzkoako udalerri hori zoriondu nahi izan du “egindako lan bikainarengatik”, eta Galdakaok, Zumaiak eta Lasarte-Oriak norabide berean emandako urratsa balioetsi du. “Eusko Jaurlaritzak orain arte jaso dituen lau eskabideak dira, baina badakigu Irunek eta Donostiak ere dokumentazioa urrian zehar entregatzea aurreikusten dutela eta beste bi hiriburuak, Bilbo eta Gasteiz, euren proposamenak aurkezteko prozesuan murgilduta daudela”, erantsi du. Hortik abiatuta, adierazi du, “guk eskabideak Ministeriora bidaltzen ditugu, eta Ministerioak 3 hilabete ditu eremu tentsionatuaren izendapena onartzeko”.

Errenteriaren izendapenak hiru urteko jarduera-plan bat egitea eskatzen du. Plan horretan, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren ustez, funtsezkoak diren alderdiak jasoko dira: “kontua ez da bakarrik alokairuen prezioa mugatzea, eta berez oso garrantzitsua da, eta, beharbada, titular horrekin geratzen gara denok; hemen askoz ere gehiago dago”. Hori dela eta, “etxebizitza turistikoak eta sasoikokoak arautzeko” behar argiaz ere hitz egin du, bai eta edukitzaile handiekin, 5 etxebizitza edo gehiago dituztenekin, “zorrotzak” izateko beharraz ere, “behar-beharrezko ondasun bat negozio bihurtu duten enpresak baitira”, esan du. Gogora ekarri behar da, udal bakoitzaren eskumena dela edukitzaile handitzat hartzeko etxebizitza-kopurua erabakitzea.

Bestalde, Itxasok azpimarratu du merkataritza-lokalak eta lonjak etxebizitza bihurtu behar direla, “horietako asko hutsik baitaude”, lehenengo eta bigarren solairuetan garatzen diren beste negozio batzuk beheko solairuetara jaisteaz gain.

Etxebizitzen parke publikoa handitzeko premia

Lehenago ere adierazi izan duen bezala, sailburuak udalen laguntza eskatu du berriz ere, “etxebizitzak egin ahal izateko lurzorua laga diezaguten”. Alde horretatik, Itxasok Errenteriako Udalarekin duen lankidetza bikaina nabarmendu du, eta esan du espero duela etorkizunean ildo beretik jarraitzea eta beste udalerri batzuetara ere zabaldu ahal izatea; izan ere, esan duenez, “sektore publikoen eta horien eta eremu pribatuaren arteko koordinaziotik bakarrik hel dakioke arazo honi”.

Hori gertatzen bada, “gure kalkuluen arabera, 75.000 etxebizitza inguru eraikitzeko lekua dago”, adierazi du Itxasok, eta esan du “etxebizitza publikoaren parkea handitzea oinarrizkoa da” legegintzaldi honetan herritarren eskura 7.000 etxebizitza, hau da, aurrekoan baino % 40 gehiago, jartzeko helburua betetzeko.