Osasun Sailak eta Irun eta Hondarribiko udalek etorkizuneko Bidasoa eskualderako Plan Integralaren oinarriak ezarri dituzte

0
  • Osasuneko sailburu Alberto Martinez Irungo alkate Cristina Labordarekin eta Hondarribiko alkate Igor Enparanekin bildu zen atzo

Joan zen astean Bidasoko ESIko profesionalekin eskualdeko asistentzia-beharren inguruan duten ikuspegia bertatik bertara jasotzeko bilera egin ondoren, Osasuneko sailburu Alberto Martinez, Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuorde Lore Bilbao eta Osakidetzako zuzendari nagusi Susana Lopez Altuna aldamenean zituela, Irungo alkate Cristina Labordarekin eta Hondarribiko alkate Igor Enparanekin bildu zen atzo.

Bileran, Bidasoa eskualderako etorkizuneko Plan Integralaren oinarriak ezarri dira. Plan horren bidez, osasun-plan funtzional berri batekin bat datozen asistentzia-zuzkidurak antolatu nahi dira, Lehen Mailako Arretako zerbitzua, espezialitateak eta ospitale-zerbitzua hobetzeko. Osasun Sailak Plan hori osasun ikuspuntutik diseinatuko du, maila instituzional eta profesionalean adostuta, eta Irungo eta Hondarribiko alkateek jakinarazitako herritarren beharrak kontuan hartuko ditu.

Lankidetza honen esparruan, hitzarmen bat sinatuko dute Osasun Sailak, Osakidetzak eta Irungo eta Hondarribiko udalek. Bertan, Bidasoa eskualderako Plan Integrala diseinatu eta gauzatzeko bide-orria zehaztuko dute.

Hitzarmen horrek, besteak beste, honako hauek jasoko ditu: Eskualdeko Ospitalea hobetzea, ebakuntza-gelak berehala birmoldatuko direlarik, erreanimazio-eremua barne; Oñaurre auzoan osasun-zentro berri bat eraikitzea (2025eko aurrekontuetan jasoko da osasun-zentro horren eraikuntza-proiektua); erdigunean kokatuko den anbulatorio handi berri bat eraikitzea (Osasun Sailak kokaleku posibleak aztertuko ditu), eta Irungo Dunboako eta Hondarribiko anbulatorioetan jarduerari eustea.