Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du Ekonomia Itunak zerga-araudia trantsizio energetikoaren premietara egokitzeko duen ahalmena

0

Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du Ekonomia Itunak Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-araudia trantsizio energetikoko prozesuek planteatzen dituzten premietara egokitzeko duen ahalmena, “kontuan izanik hogei edo hogeita hamar urte barruko Euskadiko ekonomiaren oinarriak ezartzen ari garela”, aditzera eman du Iñaki Alonso Ogasuneko sailburuordeak, gaur Bilbon “Trantsizio energetikoari eta Euskadiko Ekonomia Itunari” buruz mintzatu denean.

“Zerga-politika eta trantsizio energetikoa” jardunaldian, fiskalitateak trantsizio energetikoaren arloan dituen erronkei buruz hausnartu da, besteak beste. Euskadik duen funtsezko erronketako bati jarri zaio arreta, “bai energiaren sektoreak gaur egun Euskadiren konfigurazio ekonomikoan duen pisuagatik, bai eraldaketa-beharra agerien geratzen den sektore ekonomikoa izateagatik”, Iñaki Alonsoren iritziz.

Sailburuak energiaren sektoreari zuzenean eta zeharka eragiten dioten zergak aztertu ditu eta horrek euskal lurraldeen berezko ahalmen arautzailearen ikuspegitik zer dakarren azaldu du. Garapen horretan, Ogasuneko sailburuordeak trantsizio-prozesu horietan lagungarriak izan diren neurri batzuk aipatu ditu, baita arlo horretan planteatzen diren etorkizuneko perspektibak ere.

Era berean, aditzera eman du Ogasun eta Finantza Sailak foru-aldundiekin koordinatuta lan egingo duela, “horiek baitute, gure egitura instituzionalaren arabera, proposamen fiskal arautzaileak egiteko eskumena”. Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiek azkenean har ditzaketen neurriak definitzeko garaian jardungo dugu elkarlanean, “gure ikuspegia eta ikuspuntua emanez eta euskal erakunde publiko guztien politiken koordinazioan lagunduz”.

Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak legealdi honetarako Ogasun Sailaren jarraibideen aurkezpenean esandakoaren ildotik, Alonsok berretsi du “Eusko Jaurlaritzak Euskadiko ekonomia- eta finantza-autogobernua indartu eta garatu nahi duela. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek zerga guztiak arautzeko duten ahalmena handitzen jarraitzearen alde lan egiten dugu, eta, horrela, gure ekonomiaren ezaugarrietara eta gure gizartearen premietara egokituko den zerga-politika propioa garatzeko beharrezkoak diren tresna guztiak izango ditugu, betiere Itun Ekonomikoa eguneratzearen ondorioz sortzen diren eguneratze-beharrekin”.