Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eman dio amaiera gaur Bilbon egindako «Etorkizuneko Hiriak» III. Kongresuari. Bere hitzaldian, lankidetzarako deia egin du Itxasok, hiri trinkoagoak eraikitzeko, ez bakarrik biztanleriari dagokionez, baita «aukerei, ezagutzei eta balioei» dagokienez ere, hirien etorkizuna bermatzeko modurik onena baita. Gainera, Eusko Jaurlaritzak hiri-berroneratzean egindako aurrerapenak nabarmendu ditu, eta Euskadiko 25 auzoren birgaitze integrala jarri du Jaurlaritzak jasangarritasunarekin eta gizarte-kohesioarekin duen konpromisoaren adibide gisa.
Itxasok azpimarratu duenez, hirien etorkizunak paradigma-aldaketa eskatzen du; eredu jasangarri, inklusibo eta erresilienteagoak lortu behar dira. «Etorkizuneko hiriez ari garenean, lurralde-garapen orekatuaz, gizarte-kohesioaz, eraldaketa digital eta jasangarriaz ari gara. Baina, batez ere, ingurumena errespetatuz, ekitatez eta aurrerapen teknologikoetara egokituz eraikitako hiri-lurraldeez ari gara», adierazi du sailburuak.
Bere hitzaldiaren alderdirik aipagarrienetako bat izan da Bultzatu 2050 Hiri Agendak etorkizuneko euskal hirien diseinuan betetzen duen funtsezko papera. Plan estrategiko horrek lurralde inklusiboago eta jasangarriago bat lortzea du helburu 2050. urte aldera, eta bat egiten du NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta Hiri Agenda Berriarekin. Itxasoren arabera, hiri-garapenaren ereduak «bizitza komunitarioa eta harreman sozial eta ekonomikoen gertutasuna sustatzen duten hiri trinkoetan» oinarritu behar du, eta egungo gizarteetan gero eta handiagoa den desberdintasunari eta indibidualismoari aurre egitea du helburu proposamen horrek.
Etorkizuneko Hiriak III. Kongresuak erakunde publiko eta pribatuetako adituak eta ordezkariak bildu ditu, eta eztabaidek eraldaketa digitalak, jasangarritasunak eta gizarte-kohesioak etorkizuneko hirien diseinuan duten eginkizuna izan dute ardatz. Kongresuaren ondorioak bat datoz Itxasoren ikuspegiarekin: beharrezkoa da jasangarritasuna, berrikuntza teknologikoa eta ekitate soziala integratzen dituzten hiri-ereduen alde egitea, horiek baitira hirien etorkizuneko garapenerako funtsezko zutabeak.
Euskal hirientzat etorkizun oparoa bermatzeko ikuspegi partekatua eskatu du Itxasok. «Gizateriaren asmakizun handienetako bat da hiria; gizabanakoa izaki sozial bihurtzen du, gure kultura moldatu, eta, bere politiken bidez, garapen sozial eta ekonomiko komunitarioa sustatzeko ahalmena du. Esku hartzen duten eragile guztien arteko lankidetzaren eta konplizitatearen bidez baino ezingo ditugu eraiki etorkizuna izango duten hiriak», gaineratu du.
Auzoen berroneratze integrala: Opengela proiektua
Sailburuak nabarmendu du printzipio horiek dagoeneko martxan direla Euskadin, Opengela programaren bitartez. Programa horrek 20 udalerritako 25 auzoren berroneratze integrala du helburu. Proiektuak, 2.750 etxebizitza baino gehiagoren energia-efizientzia eta irisgarritasuna hobetzeaz gain (horietako asko kalteberatasun ekonomikoko egoeran daude), espazio publikoen berroneratze integrala sustatzen du, eta 3.200 familia baino gehiago izango dira onuradun.
«Opengela eraikinak birgaitzeko programa bat baino askoz gehiago da; gizarte-kohesioaren aldeko apustua da, eta auzo bizigarriagoak, jasangarriagoak eta guztiontzat irisgarriagoak sortzea du helburu. Eredu horren bidez, zaurgarritasun-egoeran dauden komunitateak hiri-ehunean integratzen eta haien inguruneei balioa ematen ari gara», nabarmendu du Itxasok. Eusko Jaurlaritzaren funts propioen 130 milioi euroko inbertsioa du programak, eta Europako funtsetatik 40 milioi euro inguru ere jasoko ditu. Hala, hiri-berroneratzearen arloko eskualde mailako proiektu handienetako bat da.
Proiektu hauetan Europar Batasunaren laguntza nabarmendu du Itxasok, eta Europako Batzorde berriak lehen aldiz Etxebizitzako komisarioa izendatu izana nabarmendu du. «Europatik datozen seinaleak positiboak dira. Etxebizitzaren eta hiri-berroneratzearen arloko inbertsio-pakete berri baten promesak indartzen badira, Auzoetan Esku-hartze Integralerako Plan bat garatu ahalko dugu gure lurralde osoan, Opengelaren eredu arrakastatsua oinarri hartuta», adierazi du. Eta «horretarako, gainera, aurreko legealdian eraikin eta auzo mailan eguneratutako Hiri Zaurgarritasunaren Inbentarioa izango genuke; aukera emango liguke, ahal izanez gero, etorkizunean lehentasunez zer ingurunetan jardun behar dugun zehazteko», gaineratu du.
Etxebizitza publikoen etorkizuna Euskadin
Patricia Val Alokabideko zuzendari nagusiak ere parte hartu du jardunaldian, eta Euskadiko etxebizitza publikoen parkeak etorkizuneko hirietan izango duen funtsezko eginkizuna nabarmendu du. Alokabidek kudeatzen dituen 17.000 etxebizitza baino gehiagoren funtzio soziala azpimarratu du Valek, eta «etxebizitza babestuen parkea Etorkizuneko Hiriak gauzatzen laguntzeko aukera paregabea» dela adierazi du. Horretarako, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren mendeko sozietate publikoak berrikuntza, jasangarritasuna eta inklusioa uztartu nahi ditu, eta etxebizitzak energia-efizientziako eta gizarte-ongizateko eredu bihurtzeko lan egiten du. Valek nabarmendu duenez, maizterren bizi-kalitatea hobetzeko helburua dute jarduketek, energia-kontsumoa murriztuta, erosotasun termikoa eta akustikoa hobetuta eta komunitate inklusiboak eta parte-hartzaileak sortuta.
«Gure erronka da etxebizitza publikoak etxe bihurtzea, eta, etxe horiek, bizileku izateaz gain, segurtasuna, ongizatea eta komunitateko kide izatearen zentzua eman behar dute, horrela, gure hirien gizarte-kohesioari eta garapen jasangarriari laguntzeko», amaitu du Valek.