Tomas Nache, Tomas Mardones eta Segundo Hernandez anarkisten gorpuzkiak eman dizkie beren senideei Ollo lehendakariordeak, Nafarroako Jauregian egindako ekitaldian

0

Tomás Mardones Llorente eta Segundo Hernández Blanco arabarren eta Tomás Nache Guzmán almeriarraren gorpuzkiak eman dizkie haien familiei Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok gaur goizean, frankistek San Cristobal gotorlekuan exekutatu baitzituzten ihes egiten saiatu zirenean. Tomas Mardones eta Tomas Nacheren gorpuzkiak Berriozarko hilerrian aurkitu zituzten, 2022ko martxoan, eta Segundo Hernandezenak Eliako hobian (Eguesibar), 2015ean.

Nafarroako Jauregian egindako ekitaldian, eraildako hiru presoen senideez gain, ordezkari publikoak, Memoria Historikoaren Batzorde Teknikoko, Arartekoaren, Berriozarko eta Eguesibar udaletako eta Eliako kontzejuko ordezkariak, elkarte memorialistetako ordezkariak, Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikariak eta Nasertic laborategikoak izan dira. Ekitaldian, Javier Olabarrietaren eta María Jesús Abaigarren doinuez lagunduta, Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariaz gain, Pepi Salazar, Tomás Nacheren iloba eta Lander García, Segundo Hernandezen iloba hitza hartu dute.

Ollo lehendakariordeak adierazi duenez, Berriozar eta Elio bezalako hobiak eta San Kristobal gotorlekua bezalako espazioak, espetxe anker bihurtua, «1936ko altxamendu militarrarekin abiatu zen proiektu totalitario baten mesedetan inoren bizitzen jabe zirela uste zutenen heriotza krudelei buruz hitz egiten digute». Era berean, beste behin azpimarratu du Nafarroako Gobernuak memoriaren politika publikoekin duen konpromisoa eta erakunde, elkarte eta talde teknikoen arteko elkarlanaren garrantzia, gaur egun betetzen denaren moduko helburuak lortzeko, senideei pertsona horien gorpuzkiak emanez.

«Ekitaldi hau zor genizuen, zuen senideen erailketarekin inoiz ireki behar izan ez zen zirkulu bat ixten duena. Urte gehiegitan itxaron duzue, baina espero dut ekitaldi hau inoiz gertatu behar izan ez zen bidegabekeria honen aurrean erreparazio soziala luzatuko dizuela «, adierazi du lehendakariordeak. Baita ere familien lankidetzaren garrantzia adierazi du, gorpuzkiak identifikatzeko, eta Nafarroako Gobernua prest dagoela errepresaliatutako senideen gorpuzkiak berreskuratu nahi dituzten familiei beharrezko laguntza emateko, bai eta haien istorioak zabaltzearen garrantzia ere, haien kasuak errepika ez daitezen.

Horri guztiari esker, Berriozarko hobi horretan berreskuratutako 21 gorpuetatik hiru identifikatu eta familiei eman zaizkie. Iazko azaroan, Mardones eta Nacheren iheskidea zen José Creagh-en gorpuzkiak eman zizkioten bere familiari.

Bestalde, Eliako hobian aurkitutako hiru gorpuetatik, Segundo Hernandezena da identifikatutako bigarrena, Vicente Mainz Landarekin batera.

Penintsulako hainbat tokitatik etorritako militante anarkistak

Tomás Mardones Llorente 1912ko maiatzaren 4an jaio zen Gasteizen eta arotza zen lanbidez. CNTko eta FAIko kidea zen, eta Arabako anarkisten talde aktibo batean sartuta zegoen. Gainera, bere anaietako batzuk bezala, Alaveseko futbolaria izan zen. Bere beste anaietako bat, Alejandro Mardones, San Kristobal gotorlekuan preso egon zen, 1938ko maiatzaren 22ko ihesaldian parte hartu zuen eta bertan erail zuten, baina orain arte ezin izan dituzte haren gorpuzkiak identifikatu.

Tomás Mardones 1936ko ekainaren 24an sartu zen San Cristobal gotorlekuan, eta, Fermín Ezkieta ikertzailearen arabera, ihesaldi saiakera batean parte hartu zuen 1936ko uztailaren 27an, 775/1936 sumarioa irekitzea ekarri zuena. Urte hartako azaroaren 1ean, epaiz kanpo exekutatu zuten preso zeuden beste 20 kiderekin. Erail ondoren, gorpuak Berriozarko hilerrira eraman zituzten, eta bertan 2009an ‘Txinparta-San Kristobal Gotorlekua. Memoria Kolektiboaren Sarea» elkarteak jarritako plaka batek haien izenak gogoratzen ditu. Txinparta elkartearen lana oso garrantzitsua izan da Memoria Historikoa berreskuratzeko eta konpontzeko prozesu osoan, bereziki San Kristobalgo gotorlekuari eta ihesari, hobien kokapenari, protagonisten dokumentazioari eta abarri dagokienez.

Horien artean dago Tomás Nache CNTko kidearena ere; 22 urte zituen, almeriarra zen eta arotza lanbidez. 1936ko ekainaren 22an sartu zen San Kristobal gotorlekuan, eta, Ezkietaren arabera, ihesaldi saiakera berean parte hartu zuen. Bi preso horiek errepresalia gisa exekutatu zituzten, ihes egin eta hilabete batzuetara.

Segundo Hernández Blanco, 2015ean Eliako hobitik atera zutena, Tomás Mardones bezala, gasteiztarra zen eta 19 urte zituen 1938ko maiatzean ihes egin zuenean. CNTko militantea zen, eta 1936ko uztailaren 24an atxilotu zuten beste gazte batzuekin batera. 20 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten eta Gasteizko probintzia-espetxean sartu zuten 1937ko urtarrilera arte. Orduan, San Kristobal gotorlekura eraman zuten. Haren aita, Joaquin, 1936ko abenduaren 14an erail zuten. 1938ko maiatzean ihesaldi handian parte hartu zuen beste 795 presorekin batera, eta beste bi kiderekin batera atxilotu eta hil zuten, tartean Vicente Mainz, Elian. Han aurkitu zituzten haren gorpuak.

Memoriaren Institutuaren Gorpuak Hobietatik Ateratzeko eta Identifikatzeko Plana

Gogoan izan behar da, Nafarroako Gobernuaren Desobiratze Planaren barruan, Nafarroako Memoriaren Institutuak Berriozarko hilerriko hobian azterketa lanei ekin ziola 2022ko martxoan, ‘Txinparta-San Kristobal gotorlekua. Memoria Kolektiboaren Sareak’aurkeztutako txostenari esker eta hobi komunaren kokapenari buruzko informazio fidagarriak kontrastatu ondoren 21 errepresaliatu horien gorpuak aurkitu ziren, suzko armaz hil izanaren zantzu nabarmenak erakusten zituztenak.
Haien identifikazioak pixkanaka aurrera doaz, ia ez baitago preso horien senideen lagin genetikorik, haien sakabanatze geografikoa kontuan hartuta. Memoriaren Nafarroako Institutuak elkarlanerako beste dei bat egiten du, bai hobi posibleak aurkitzeko, bai ihes egindakoen eta errepresaliatuen senitartekoak aurkitzeko, horien lagin genetikoek identifikazio berriak ahalbidetu baititzakete. Hobi edo ehorzketen kokapenei buruzko informazioa izan dezaketenek edo haien testigantza partekatu nahi dutenek Memoriaren Nafarroako Institutuarekin harremanetan jar daitezke inm@navarra.es  helbidearen bidez. Oraindik ezin izan da honako hauen senideekin harremanetan jarri:

·    José Pedro Cantero Tejada, Badolatosakoa (Sevilla), 29 urte
·    Juan Cruz Villar, Santander (Kantabria), 19 urte
·    Jacinto Curto Pérez, San Juan de Torresekoa (Leon), 27 urtekoa
·    Manuel Hidalgo González, Kordobakoa, 20 urtekoa
·    Manuel González Amorós, Torreviejakoa (Alacant), 28 urte
·    Félix Manzanares Ortiz, Horcajo de Santiagokoa (Cuenca), 27 urte
·    Antonio Marmaneu Estupiña, Castelló de la Planakoa, 43 urte
·    Hermenegildo Marquina García, Barakaldo (Bizkaia), 25 urte
·    Inocencio Martín Arranz, Santa Cruz de la Salcedakoa (Burgos), 44 urtekoa
·    Juan Dionisio Ortiz Sanz, Monehuelakoa (Jaen), 27 urtekoa
·    Epifanio Osoro Icolbaceta, Durangokoa (Bizkaia), 22 urtekoa
·    Bernabé Rodríguez Presa, Leon, 21 urte
·    Ángel Santamaría Legaria, Moredakoa (Araba), 35 urte
·    Antonio Valdivielso Secada, Valienzo (Kantabria), 25 urte